GARA > Idatzia > Ekonomia

Langileek Migradour elkartearen kudeaketa salatu dute

A.B. |

Paue inguruko Migradour elkarteko hiru langilek, egituran zazpi eta hamazazpi urtez lan egin ondoren, joan den udazkenean kanporatu egin zituztela salatu zuten atzo, Baionako Prud'homme lan auzitegiaren aitzinean. Didier Balestak, Julien Jaureguyk eta Jean-Marie Troundayek, LAB sindikatuarekin, lan auzitegian elkarteak egindako kudeaketa salatzeko txosten bat pausatu zutela jakinarazi zuten.

«Kudeaketa txarra egiteaz gain, gure nagusiek goizegi baztertu gaituztela iruditzen zaigu, lanpostuak salbatzeko ez baitute deus martxan jarri», nabarmendu zuen Jaureguyk. Esate baterako, Departamenduko prefetaren baimenik gabe eta ordainketarik jaso gabe, igandeetan lan eginarazi zietela eta lan baldintzak ez zituztela errespetatu salatu zuen.

Ibaien zaintza

1994. urtean sortua, elkarteak Aturriko, Errobiko eta Urdazuriko erreka guztien zainketa lanean jarduten zuela argitu zuen Jaureguyk, bertatik pasatzen diren arrainak ikertzen, hain justu. Osoki diru publikoarekin funtzionatzen du elkarteak; Europar Batasunaren diru-laguntzak eskuratzeaz gain, Estatuak, lekuko uraren agentziak, arrantzaleen elkarteak, urzainak eta Akitaniako eskualdeko kontseiluak diruz laguntzen dute.

Salaketa honen bidez, ingurumen arloan diharduten elkarteen gaineko kontrol zorrotzagoa izan dadin lortu nahi dute hiru langileok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo