GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Mungiako jai luzeak indartsu sartu dira azken txanpan

Jaien bigarren eta azken asteburuari hasiera emateko, ekimenez beteriko Gazte Eguna ospatu zuten atzo Mungian. Gaurko eta biharko egitaraua ere oparoa izango da: sokatira, pala eta plater-tiro txapelketak, karromatoen desfilea, eta sukalki txapelketa izango dira, besteren artean. Txosnetan, Unbreath, Nodrama eta La Vieja herriko taldeak arituko dira gaur gauean.

p055_f02.jpg

GARA | MUNGIA

Lehendabiziko asteburu arrakastatsu eta jendetsua atzean utzita, Mungiako San Pedro jaiak azken txanpan sartu dira. Gogoa, ordea, goi-goian da oraindik, eta parrandarako eta ondo pasatzeko grinak bere horretantxe dirau Mungia aldean.

Betidanik, sanpedroetako bigarren asteburuak beste herrietako San Fermin jaiekin bat egiten du, eta hortaz, ez da izaten lehenbizikoan izaten den jendetza, baina horrek ere badu alde positiborik: bertakoek esaten dutenez, giro herrikoiagoa, hurbilagoa, sortzen da bigarren asteburu honetan. girorik, beraz, ez da faltako.

Atzo bertan hasi zen idazten aurtengo Mungiako jaien epilogoa, Gazte Asanbladak eta bestelako eragileek antolatutako Gazte Egunarekin.

Besteren artean, 3x3 saskibaloi txapelketa jokatzeko aukera izan zen, baita kuadrilla ezberdinen arteko olinpiadak txosnagunean.

Kirola baino kale giroa maite dutenek ere beren gunea izan zuten. Taket Mungiako bertso eskolak antolatuta, Julio Soto gorritiarrak eta Iker Zubeldia zegamarrak bertso saio polita eskaini zuten kalerik kale.

Gauerako musika ekimenak gorde zituzten. Hamarrak aldera, Air-Triki Munduko Txapelketa izan zuten, air guitarraren -hau da, irudizko gitarrarekin punteoak egitea- ereduari jarraiki, baina noski, gure nortasunari eutsiz. Horren ostean, mozorro gaua izan zen txosnetan, eta kirola izan zuten gai aurten. Gose abeslariak jarri zituen dantzatzeko doinuak.

Txapelketak

Gaurko egitaraua ere oparoa izango da, eta txapelketek hartuko dute leku nagusia. Arratsaldeko lehen orduetan, Plater-tiroko XXI. Sari Nagusia jokatuko dute, eta jarraian Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa ospatuko da. Kirolekin jarraituz, arratsaldeko sei eta erdietan boxeo amauterreko erakustaldi ofiziala izango da J.A Agirre Kiroldegian. Arratsaldeko zazpietan, bestalde, karromatoen desfile-lehiaketa izango da, batukadak lagunduta. Gauean, Unbreath, Nodrama eta La Vieja herriko taldeak arituko dira txosnetan.

Sukalki txapelketa izango da biharko egitarauaren ardatza. Ehunka lagunek, urtero bezala, Uriguen parkea hartuko dute sukalderako tramankulu guztiekin. Txapelketa girotzeko txistulari taldea, trikitilariak eta fanfarrea izango dira, eta jaiak luze iraungo du sari banaketa ostean ere.

Mungiako Sanpedroak
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo