Sexista bakarrik ez
Surflari Ernegatua
Hautsak arrotu omen ditu aste honetan bertan hastekoa den Biarritzeko nesken munduko txapelketa aurkezteko antolatzaileek argitaratu duten promozio bideoak. Polemika sortu omen da iragarkiak duen kutsu sexista dela eta. Jendea aserre omen dago, eta ahots kritikoak ere ba omen dira.
Pozgarria da behingoagatik, surf munduan ere, irizpide propioa izan dezakeen jendea badela ikustea, baina, zoritxarrez, nire ustez behintzat, gutxiengo baten barruan dagoen gutxiengo gutxiengoago bat baino ez da bere kabuz pentsatu eta bere iritzia ematen ausartu dena, eta, kasu honetan, gainera, kritikoen artean asko surflariak ere ez direla esatera ausartuko nintzateke.
Surf mundua sexista da, bai. Markak, haien iragarkiak, txapelketa eredua, eta, batez ere, nesken lehiaketei lotuta ager daitekeen edozer, zinez sexista da. Ez da gaur goizeko errealitatea, aspalditik datorren zerbait da. Baina, nire ustez, sexista izatearena askoz ere zabalagoa den eredu baten ondorioetako bat baino ez da. Hau da, kontua ez da surf munduan sexismoa gailentzen dela, arazoa hori ahalbideratzen duen eredu orokorra da.
Barkatuko didazue surflariak ez zaretenok, baina eredu hori ez da soilik surf munduan ematen, surflarien artean oso nabarmena edo ikusgarria izan arren. Futbolean, errugbian, komunikabideetan, ikastolan, udaletxean edota edozein etxetako sukaldean txertatua ikus dezakegun eredu baten azaleko adibideen zerrendan koka dezakegu surf munduan gertatzen dena.
Roxyko bideoa egin duenak, ziur aski, datorren irailean Hossegorren egingo den mutilen munduko txapelketako iragarkia egiten ere parte hartuko du. Beste edozein proiekturen atzean ere egon zitekeen, agintzen duena bezeroa baita, eta bezeroak, hein handi batean jarrera horri esker, eredu horren bultzatzaile potentzialak dira. Gustatu ala ez, jendeak maite du egun indarrean den eredu nazkagarri hau.
Ez pentsa surf munduan nesken edo mutilen txapelketa eredua desberdina denik. Berdinak dira antolatzaileak, berberak ikusleak eta berbera, batean zein bestean, lehiakide gisa aurkezten den surflariaren irudia eta mundu ikuskera ere.
Bideo famatuak sortu duen eztabaida nagusia honakoa izan da: «Norena da ohetik jaiki, dutxa bat hartu, hondartzara joan, eta itsasoratzen den neskato eder horren gorputza? -ipurdia esan nahi denean-. Nor da? Alana Blanchard? Stephanie Gilmore? Laura Enever?». «Zer axola du?» esango du ni bezala haragi jale edo haragi zale denak, «atzetik begiratuta denak berdinak badira?». Ilehoriak, baina makila baina argalagoak eta azal brontzeatukoak. Fisikoki oso antzekoak dira guztiak, baita mutilen kasuan ere. Fisikoki, estetikoki eta ideologikoki oso antzekoak direla erakutsi dute azken urteetan. Gai zehatz batekin edo bestearekin izango dira desadostasunak, halakoa sexista dela eta halakoa arrazista, baina honen guztiaren atzean dagoen eredu orokorra ez du inork inoiz zalantzan jartzen.