GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega | Euskal Herriko Txapelketako finalerdia

Ormaetxeak ezin izango dio iaz lortutako txapelari eutsi

Egungo Euskal Herriko txapelduna hirugarren izan zen bere multzoan, eta ezin izango du finala jokatu.

p028_f03_543x435.jpg

Jon LEUNDA

Jexuxmari Goenagak, Jon Kanflankak, Igor Esnaolak eta Juanjoxe Lizasok lortu zuten atzo Elgean Euskal Herriko finala jokatzeko txartela. Segalari bakoitzak ordu erdiko lana egin behar izan zuen, eta tarte horretan ahalik eta kilorik gehien ebaki behar zituzten. Bi multzotan banatuta aritu ziren, eta bakoitzeko bi onenek egin zuten aurrera. Belarra nahiko ona zen, eta sarrera ere ona izan zen.

Lehen multzoan eman zen atzoko ezusterik handiena. Bertan aritu zen lanean Jexuxmari Ormaetxea, Euskal Herriko txapelduna. Inork ez zuen uste bera kanpoan geratuko zenik, baina horrelaxe izan zen. Orendaingoak ez zuen bere egunik onena izan, eta finaletik kanpo geratu zen, Gipuzkoakoan gertatu zen bezalaxe. Goenaga errezildarra izan zen nagusi. Lan bikaina egin zuen, eta ordu erdian bigarren sailkatu zen Kanflankari 200 kilo pasako aldea ateratzeko modua egin zuen. Berarekin batera, Kanflanka sailkatu zen, uztailaren 20an Gasteizen jokatuko den finalerako.

Bigarren multzoan, Igor Esnaolak lortu zuen lehen postua, eta berarekin batera Lizasok eskuratu zuen finalerako txartela. Multzo honetan Gipuzkoako finala errepikatu zen, eta postuetan ez zen aldaketarik izan, nahiz eta oraingoan Esnaolak askoz ere alde handiagoa kendu zion Lizasori. Alkorta, berriz, bigarren postutik askoz era gertuago geratu zen. Igor Esnaolak berriro ere lan bikaina egin zuen, eta txapela lortzeko faborito nagusietako bat dela erakutsi zuen atzoko finalerdian.

Sailkatuak

Igor Esnaola eta Jexuxmari Goenaga izan ziren beraien multzoko onenak, eta beraiekin batera Juanjoxe Lizasok eta Jon Kanflankak lortu zuten uztailaren 20an Gasteizen jokatuko den finalean aritzeko txartela.

Errepikapena

Atzoko B multzoko kanporaketan Gipuzkoako finalean aritu ziren lau segalariak neurtu ziren, eta emaitza errepikatu egin zen, nahiz eta oraingoan Esnaolak Lizasori askoz ere alde handiagoa atera zion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo