GARA > Idatzia > Mundua

Nikaraguari eskatu dio asilo politikoa Edward Snowden NSAko analista ohiak

Edward Snowden AEBetako NSA Segurtasun Nazionalerako Agentziako analista ohiak ofizialki eskatu dio asilo politikoa Nikaraguari, ekainaren 30ean idatzitako eskutitz batean. Bere kezkak azaldu ditu bertan.

p017_f02_148x092.jpg

GARA | MANAGUA

Edward Snowdenek berak eskutitzean esplikatzen duenez, bera AEBetara bidaltzen badute oso «tratu krudela» jasan beharko du, eta ezin da baztertu heriotza zigorra bera ere. Larunbat gauean eman zuen eskutitzaren berri Nikaraguako Gobernuak. Idatzi horren bitartez eskatu zion analista ohiak asilo politikoa Managuari.

AEBetako NSA Segurtasun Nazionalerako Agentziarentzat lan egin zuen Snowdenek, eta hainbat hedabideri filtratu zien espioitza masiborako erakunde horren Prism programa. Filtrazioaren arabera, mundu osoko milioika Internet eta telefono erabiltzaile zelatatu zituen NSAk, gobernuetako kideak barne.

Eskutitza ekainaren 30ekoa da eta Nikaraguak Mosku Errusiako hiriburuan duen Enbaxadari helarazi zion Snowdenek. Bertan azaltzen du bere herrialdean ez tratu onik ez epaiketa justua jasotzeko aukerarik ez lukeela izango. Biziarteko kartzela zigorra edota heriotza zigorra bera ere ezarri diezaioketelakoan dago Edward Snowden, espioitza sekretuak zabaltzea egotzita.

«Nik, Edward Snowden AEBetako herritarrak, Nikaraguako Errepublikari asilo politikoa eskatzeko idazten dut, AEBetako Gobernuaren jazarpena jasateko arriskua dela-eta», irakur daiteke idatzian. Eransten du berak ezagutzera emandako dokumentuek agerian uzten dituztela AEBetako Konstituzioa urratu duten agintarien jarduerak. Baita zenbait nazioarteko itun bortxatu dituzten jarduerak ere.

Analista gazteak adierazten du traizioa leporatu diotela, eta kartzelara sartzeko eskatu, Washingtonek mundu osoko komunikazio gehienak zelatatzen dituela frogatu duelako. Edward Snowdenek gogorarazten du berari egozten dioten ustezko delitua 1917ko Espioitza Legeak aurreikusten duela, eta horren arabera heriotza zigorra jasotzea ezin dela baztertu.

NSAko langile ohiak Julian Assange Wikileaks erakundeko sortzailearen kasuarekin lotu du berea. Baita Bradley Manning soldaduaren egoerarekin ere: «Gerra krimenak ezagutzera ematen zituen Gobernuaren informazioa Wikileaksen bitartez plazaratzeagatik atxilotu zuen AEBetako Gobernuak Manning eta kartzelan eduki duten bitartean oso gaizki tratatu dute».

Snowdenek bi aste daramatza Moskuko aireportu batean Washingtonen atzaparretatik nola ihes egin pentsatzen. Daniel Ortega Nikaraguako presidentea asilo eskaera onartzeko prest dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo