GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Maitasunaren kontrabandoan

Jon GARMENDIA | Idazlea

Saran bizi da Manuel. Eta Saran bizi dela egia da, baina ez Manuel izena duela. Kontrabandista delako. Zazpi hamarkada baino gehiago bete ditu munduan, eta kontrabandoaren munduan bostetik gora; gaztetatik aritu izan da lanbide horretan, hala deitzen du berak, «lanbidea». Baina orain ere ibiliko da zerbaitetan, gaztetako kontuak legearen atzaparretan erortzeko usteldurik baitaude, ez ordea oraingoak, eta agian horregatik ez du eman nahi argitara bere egiazko izenik. Ez du irakurtzen, eta ez du idazten, baina ez da ez dakielako, umetatik ez duelako halakorik egin, eta jadanik, ahantziak dituela aitortzen du. Horrek ekarri dio entzundakoarekin ikastea, eta errandakoari kasu ematea. Gertatuak oroitzeko sekulako memoria ageri du, eta haiek kontatzeko abilezia. Winston Churchill, Ho Chi Minh, Orson Welles eta printze zelarik Akihitok Sara bisitatu zutela jakin dut Manuelen ahotik, eta baita herri ttipi honi buruzko istorio anitz ere. Sara hustu egin zutela haserre aipatzen du, biztanleak deserriratu zituztela, zeukatena ebatsi, eta dena legearen izenean egin omen zen; beraz, harentzat zerbait naturala da lege hori urratu eta ez errespetatzea. Bere eskuetatik gauza anitz pasa omen dira, eta denetarik garraiatu du, maitasuna eta umorea izan ezik. Haiek nola kontrabandoan pasa ikasten ari omen da orain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo