GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Errenteriako XV. Erromeria Eguna larunbatean ospatuko dute

p050_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | ERRENTERIA

Errenterian urtero ospatzen den Erromeria Egunak badu data: uztailaren 13an egingo dute, goizean hasita, gero eta jendetsuagoa den ekitaldia. Parte hartuko duten zenbait taldetako ordezkariek egitaraua aurkeztu zuten atzo, eta azpimarratu zuten garrantzitsuena jendeak ondo pasatzea eta gure kultura sustatzea dela. Bertaratutakoen artean Peio Urreaga txistularia zegoen, eta, honen arabera, «ez da dotore etorri beharrik. Polita da baserritarrez janztea, baina politagoa da jendeak parte hartzea, berdin da nola».

Horretarako egitarau oparoa prestatu dute, goizetik arratsaldera bitartean iraungo duena, eta duela hamabost urte Erromeria Eguna lehen aldiz egin zutenetik gero eta aberatsagoa dena. Juantxo Maya Ereintza dantza taldeko ordezkariak aipatu bezala, badaude urtero festan izaten diren parte hartzaile finko batzuk, baina badira ere urtetik urtera jaira batzen direnak, guztientzako tarterik ez badago ere. «Urtero zerbait berria sartzen dugu, pixkanaka festa handiagoa izateko, eta hori ez zen posiblea izango laguntzen diguten guztien parte hartzerik gabe», aipatu zuen Mayak.

Aurtengo berrikuntza Harkaitz Miner biolin jotzailearen emanaldia izango da, perkusioaz eta akordeoiaz lagundurik Zumardian arituko dena. «Guri gaur egun arraroa iruditzen bazaigu ere, lehen erromerietan biolina ere jotzen zuten», azaldu zuen Urreagak.

Aipagarria izango da ere goizeko diana, non talde guztiak kalejiran aterako diren herrian zehar. Erdigunean Alkarkide txaranga kokatuko dute, betidanik parte hartu izan duelako. Musika herrikoi eta dantzagarria jotzen dute -arin-arin eta fandangoak, muxikoak, Luzaideko doinuak...- jendeak parte har dezan. Aiko taldea ere asmo berarekin aterako da plazara. Denek dantza dezaten, ez dakitenentzat hainbat ikastaro egingo dituzte aste honetan zehar Mikel Kokeren eskutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo