GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

kazeta.info | Joseba Aurkenerena 2013/7/9

Napoleon, Wellington eta euskaldunak

(...) Napoleonen anbizioak Europa osoa eraman zuen suntsipenera, gerrak, hilketak, lapurretak, bortxaketak, etxe eta baserrien erreketak... Europa osoko mutil gazteak armadetan sartu zituzten, heien gogoaren kontra, eta horietako aunitzek gerla-zelaietan eman zuten azken hatsa. Hor galdu zen Europako gazteriaren lorea.

(...)Eta Euskal Herrian gauza bera gertatu zen, soldaduek, armada batekoek zein bestekoek, hil, erre, lapurtu eta bortxatu egin baitzuten, inolako eskrupulurik gabe. Askotan soldaduei ez zieten pagatzen diruz, eta ordain gisa, osten zuten guztia ematen zieten, Donostian gertatutako genozidioa kasu.(...).

Horrelako gertakizun latzak oroitzekoak ditugu euskaldunok, gure memoria historikoan atxikita baitaude, baina inola ere ez ospatzekoak, zenbaitek egin nahi duten bezala. Euskaldunok zer dugu ospatzeko gerla horretan? Deus ere ez! Napoleon eta Wellington genozida handiak izan ziren eta historiak horrela oroitzen ditu. Eta norbait ohoratu behar baldin badugu, izan daitezela gure arbasoak, bateko eta besteko armaden itsuskeriak eta krimenak jasan zituzten euskal herritar xeheak.

Euskaldunok Euskal Herria gure gain hartu behar dugu, ez gaitzaten inoiz gehiago horrelako ameskeria, inperio eta gerletan sar. Euskaldunok bakean bizi nahi dugu. Utikan Karlomagno, Napoleon, Hitler, Franco, Mussolini eta horrelako hiltzaile handiak! Historiak kriminalen liburu beltzean, inolako gupidarik eta ohorerik gabe, ehortzi ditzan betiko!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo