GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Amets TXURRUKA | Caja Rural RGA taldeko txirrindularia

Rock & Roll

 

Azken etapa biak ikusita eta Mont Ventoux-en atarian, egunotako jarduna deskribatzeko izenburu hau iruditu zait egokiena. Haizea tarteko, lautadan lehiatutako etaparik erakargarrienetakoa ikusi genuen ostiralean. Taktikoki eta teknikoki mugimendu ikusgarriak ikusi ahal izan genituen eta sekulako «martxa» izan zen etapa hartan.

Atzo, ihesaldia iristeko etapa aproposa zela txirrindulari guztiek zekiten, eta horrelako etapetan gertatzen den bezala, asko ziren ihesaldi horretan egon nahi zutenak, eta berriro ere sekulako joa! Horrelako etapetan beti etortzen zait burura Pablo Lastras.

Etapa hasierako eraso festa horretan, gustura ibiltzen da Pablo eta denak erdi nazkatuta daudenean «rock-and-roll!» oihukatu eta pozik abiatzen da erasora. Atzoko etapan ere eraso-festa ez zen badaezpadakoa izan, eta azkenean eratu zen ihesaldian, nola ez Jens Voigt (rockero zaharrak ez dira inoiz hiltzen). Albasini ere hor zen ihesaldian, nola ez! (Voigten antzera, honelako etapetan hutsik egiten ez duen beste rockero zahar bat). Bihotzak Egoitz esaten bazidan ere, buruak Albasisni izango zela garaile esaten zidan. Azken unera arte hala ikusi dudan arren, azkenean ez bata ez beste, Trentinentzako etapa.

Hala ere, suitzarra tropelean gogokoen dudan txirrindularietako bat da, eta honen harira aipatu nahi nuen Orica-GreenEDGEk egindako azken bideoa. ACDC taldearen abesti batean oinarrituta, sekulako bideoklipa egin dute Tour honetan. «OGEROCKS-ACDC tribute» izenarekin sarean ikusgai duzue eta gomendatzen dizuet tartetxo bat hartzea, ikusgarria baita. Hau da talde baten giro onaren erakusgarri. Horrela nola ez dute, bada, lana ondo egingo?

Gaur, Mont Ventoux mitikoan bukatuko da etapa. Sailkapen nagusian Froomek abantaila dezentea du oraindik, baina atzetik dituen guztiak gerra emateko prest daude egunotan taldea kili-kolo izan duela ikusita. Ikuskizuna izango dela uste dut, beste egun batez: rock-and-roll!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo