GARA > Idatzia > Kultura

haur eta gazte literatura

Zer egin udan? Liburuekin jolastu

p053_f2.jpg


Asun AGIRIANO

Psikologia eta pedagogia arloetan onartua dago jolasaren garrantzia haurraren garapenean. Helduontzat lanak duen bezainbesteko balioa du jolasak umearentzat.

Irakurketa ere ekintza ludikoa da, plazerarekin lotzen dena. Jolas berezia da, heldu bat alboan eskatzen duena. Adi, baina, ezen esango baitugu liburua ez dela jostailua eta jostailurik gabeko jolas asko ere badagoela.

Liburuetan bada ikusi eta gozatzeko aukera eskaintzen duen kontakizunik. Hemen aurkezten ari garen aleak haur txiki-txikientzat direnez, olgetarako bide bat irekitzen dute. Liburuak irudiak ulertu eta testuinguruaren araberako esanahia interpretatzeko lehenengo hurbilketa izan daitezke, eta horri ere «irakurtzea» deitzen zaio. Zentzu horretan, Ibaizabal argitaletxeko Zirrarak bildumarekin urrats handia egiten da, ludikotasunaren aldarrikapena. Iaz lau liburu kaleratu ziren: «Norena da?», «Kili-kili, Nor dabil hor?», «Nor da?». Udaberri-uda honetan gehiago ditugu: «Plisti-plasta», «Nire etxea», «Nire txanoa», «Kuku-gordeka».

Guztiak dira dibertigarriak, kartoizko koadernaketan, orri tolesgarri eta marrazki koloretsuekin, ukitzeko ehunduraz lagundurik. Haurren jakin-nahia eta arreta sustatzeko liburu bilduma bikaina, igarkizun, galdera eta aurkikuntzaz betea. Hiru urtetik aurrera, baina lehenago ere gomendagarriak denak.

Ezaguna dugu Emile Jadoul egile belgikar ospetsua, eta bere «Otsoa dator!» ipuin gogoangarri hura..., tamalez agortua dagoena. Umorez eta asmakizunez beteta datoz irudigile honen liburu gehienak. Arte Ederretako ikasketak amaitu eta basoaren erdian bizi den Jadoul egileak ondo ezagutzen ditu animalien mugimenduak. Horrelakoak dira bere marrazkiak, biziak, protagonistak beti euren artean adiskide. Hortik, bada, otsokumea ere pertsonaia maitagarria izatea, oiloa, untxia, eta besteen laguna. Giro alaian jolasten dira, haurtzaroa olgetako paradisua izango bailitzan.

Liburu bilduma honetan umorezko amaiera dago, haurrentzat garrantzitsua baita umorea. Uda atarian gaudela, jolas interaktiboari heldu, eta seguru nago etxeko txikienentzat gustukoak izango dituzuela ipuin hauek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo