GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

FEDERAZIOA

Bizkaiko Herri Kirol Plataforma lanerako prest aurkeztu da zaleen aurrean

J.L.

Herenegun aurkeztu zuten jendaurrean Bizkaiko Herri Kirol Plataforma. Lehen ekitaldi honetan Bizkaiko Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak agerian utzi zituzten, eta aldi berean lanerako eta gauza berriak egiteko gogoz aurkeztu zen ekimen berria. Kirolari ugari daude plataforman, horietako batzuk dira Joxe Lapazaran, Ardeo eta Tubi.

«Plataforma hau kirol ezberdinetako Bizkaiko kirolaririk gehienok osatzen dugu», esan zuten aurkezpenean irakurritako prentsa oharrean.

«Guztiok eskatzen diogu Bizkaiko Federazioari aldaketa bat egiteko, bai Federazioa kudeatzeko eran, bai lan egiteko moduan, baita arlo ekonomikoan ere. Aldi berean, azkenengo lau urteetako Federazioko diruzainaren dimisioa eskatzen jarraitzen dugu, azken lau urte hauetako kontuei buruz ez dakigulako ezer, eta ezin dugu inondik inora onartu orain pertsona bera Federazioko lehendakari izendatzea», gaineratzen du Plataformaren oharrak. Bertako kideek garbi utzi nahi izan zuten lanean jarraitzeko prest daudela: «Plataformaren helburua lanean jarraitzea da, herri kirolak eginez. Horretarako, guk geure txapelketak antolatuko ditugu».

Hori bai, garbi utzi zuten, ez dutela parte hartuko Bizkaiko Federazioak antolatzen dituen ekitaldietan. «Ez dugu Bizkaiko Herri Kirol Federazioak antolatzen dituen ekitaldietan parte hartuko, ez behintzat eztabaidarako aukerei eta ideiei kasurik egin gabe jarraitzen duten bitartean», baieztatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo