GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Espeleologoek larraren barnean pasako dute uda

Hiru Erregeen Mahaitik gertu dagoen Larrako BU 56 leize mitikoa esploratuko du abuztuaren lehen hamabostaldian espeleologo talde batek. 80ko hamarkadan beheko aldea ikertu bazuten ere, orain goikoa ikuskatuko dute sakonean.

p043_f01.jpg

Asteon hasiko da martxan «BU 56 berriro ere» espeleologia kanpaina Larran (Nafarroako Pirinioak) Nafarroako Espeleologia Federazioak eta Euskal Espeleologoen Elkargoak antolatu duten kanpaina. Helburu nagusia, Hiru Erregeen Mahaiaren ondoko BU 56 (-1.408 m) leizean goiko zatia berriro aztertzea. Lan horretan, 40 bat pertsona arituko dira abuztuko lehen hamabostaldian. Horietako batzuk dira Arturo Hermoso de Mendoza kanpainaren koordinatzailea eta Jose Javier Ruiz Zubicoa, Jaime Legarrea eta Amaia Altuna espeleologoak.

Ez da bertara doazen lehenengo aldia; izan ere, 80ko hamarkadan espeleologoek sakon ikertu zuten BU 56. «Leizearen beheko zatia ikertu zuten gehienbat, garai hartan munduko bigarren leizerik sakonena baitzen», azaldu du Hermoso de Mendoza koordinatzaileak. Goiko zatia, ordea, ordutik ia ukitu gabe dago, baina urteek aurrera egin ahala, teknikak asko aldatu direnez, «aurkikuntza berriak egiteko aukera» dutela pentsatu du espeleologo taldeak.

Koba berezia da BU 56. Hasierako zatian, 450 metro ditu bertikalean, hainbat putzu daude hor; ondoren, 5 kilometro inguru, galeria eta areto erraldoi batzuetan zehar, emari handiko ibai batekin. Halere, espeleologoak goiko aldean arituko dira, «askoz estuagoa» dena. «Goiko ibaia Hiru Erregeen Mahaitik oso gertu dagoen UK C-13 (-250 m) leizearekin lotu nahiko genuke», adierazi du Hermoso de Mendozak. Leizeak duen zailtasun handiena ura da, dudarik gabe, espeleologoek aitortu dutenez. «Euria egiten badu, ur dezente sartzen da eta arriskutsua izan daiteke», esan du Ruiz Zubicoa espeleologoak. Gainera, oso soka mehe batetik jaitsiko dira, eta loturak kontu handiaz jarri beharko dituzte, kasu gehienetan zulagailuen laguntzaz.

Arriskutsua den ospea du espeleologiak, arrisku hori «neurtua» dela dio Ruiz Zubicoak. «Sokaren teknika eta tresnak menperatuz gero, rappelak eta igoerak seguruak dira. Uretan kontu handiz ibili behar da, ura bost gradu inguruan baitago. Harriren bat gainera erortzea edota erorketak ezin ditugu baztertu, baina jende zaildua garenez eta taldearen laguntzarekin, esplorazioak seguruak izaten dira». Bat dator Legarrea: «Partaideen prestakuntza handia da; izan ere, espeleologo gehienak espeleolaguntza taldeko boluntarioak dira». Talde hauek Nafarroako Larrialdi Agentzia eta SOS Deiak erakundeekin lankidetza hitzarmena dute istripuetan laguntzeko.

Leize barruan egingo dute lo ere, beheko aldean kanpamentu arin bat jarriko dute, hartara, esploratzaileek seguruago lan egin dezaten. Esplorazioan 15 orduz ibili ondoren, beharrezkoa da atsedena hartu, ongi jan eta lo egitea. Gainera, lagun batzuek lo egin bitartean, hurrengo taldekoak lanean arituko dira. Izan ere, egun gutxi batzuetan dena egin nahi dugu, eguraldia lagun.

Guztira, 40 bat lagun egongo dira. Hogei bat espeleologo, bospasei laguntzaile eta bisitari batzuk espero dituzte. Kanpamentua Hoya del Portillo de Larra (Huesca) izeneko tokian jarriko dute eta bibak bana edukiko dugu leizeen ondoan, esploratzaileek babes apur bat eduki dezaten beren txandak bukatutakoan. Horrenbeste jende, egun eta jarduerarako material asko beharko du espeleologo taldeak. «Materialen arduradunek zerrenda zehatzak prestatu dituzte: zer eraman, zenbat gauza bakoitzetik, noiz eraman eta beste. Ohartu behar da zerbaitek huts egiten badu, galera handia gerta daitekeela», azaldu du Altunak. Dena dela, aurreko urteetako eskarmentua daukatenez, lasaiago dabiltzala aitortu dute.

Espedizioa abuztuaren lehen hamabostaldian bada ere, dagoeneko egin dute lehen igoera hainbat taldekidek. Materialak eraman dituzte eta leizea ikuskatu dute. Uztailean beste igoera bi aurreikusi dituzte, janaria bertan uzteko, eta BU 56 eta UK C-13 sokaz ekipatzeko. Datorren hilean «jo eta ke» arituko dira hamar egunez, eta bukatutakoan, eramandako tramankulu guztiak jaso beharko dituzte.

Lan osoa egingo du espeleologia taldeak. BU 56 eta UK C-13 leizeetan esplorazioak egingo dituzte, hasteko; toki estuak zabaldu, eskaladak egin ibilbide berrien bila, zirrikitu txikiena ere miatzeko asmoa dute. Horrez gain, BU 56ren goiko zatiko topografia berritu nahi dute. Izan ere, 80ko hamarkadan egin zutenak ez du zehaztasun handirik, eta eguneratu egingo dute, batez ere, sedimentuen agerpena zehaztuz. Bestalde, bertako fauna ere ikertzeko -gehienak intsektuak- garagardoz eta gaztaz egindako tranpa batzuk jarriko dituzte. «Ez da erraza izaten, baina tripaundiren bat eroriko da», esan du brometan Hermoso de Mendozak.

Leizeari buruzko dokumentazioa ere berritu nahi dute espedizioan. «Ohartu gara oso dokumentazio gutxi dagoela BU 56 leizeari buruz, argazki batzuk baino ez, grabazio bat hasierako putzuetan, gauza handirik ez. Gaur egungo kamerek ia argirik gabe grabatzen dute, bai bideoan, baita argazkiak egin ere», azaldu du Ruiz Zubicoak. Halere, leizeko areriorik zitalenak hezetasuna eta lohia dira, lohi apur bat aski da kamera bat betiko hondatzeko.

Jasoko dituzten datuak informazio geografikorako sisteman (GIS) eskaini nahi dute, Internet bidez eskuragarri izan dadin. Horretarako, Google Earth plataformak eskaintzen dituen mapak erabiliko dituzte, eta geruza batzuen bidez, leizeen fitxa, topografia, argazkiak, geologia, sedimentologia kontsultatu ahalko dira, besteak beste. Arlo honetan, Nafarroako eta Aragoiko Ingurumen departamentuetan interes berezia daukate, naturgune aparta delako (Larrako eremuaren zati bat administratiboki Aragoi da).

«Gure taldea, Iruñeko Satorrak, 2000. urtetik Hiru Erregeen Mahaia, Budogia eta Añelarraren arteko eremua berrikusten ari da. Denbora horretan, ia 500 leize berrikusi ditugu», kontatu du koordinatzaileak. Azken bi urteotan, Nafarroako Espeleologia Federazioko eta Euskal Espeleologoen Elkargoko lagunak batu zaizkie eta bi kanpaina egin dituzte Hiru Erregeen Mahaiaren inguruan. Aurten «erronka handiagoa» dutela azaldu du Hermoso de Mendozak, jendeak gaitasuna duela uste baitute. «Lehen ez genituen menperatzen toki estuak zabaltzeko teknika berriak; orain, aldiz, azken boladan ikasi ditugu eta talde indartsu bat osatu dugu, zailtasunei arrakastaz aurre egiteko segurtasunarekin».

 

 
Jakin beharrekoak

Energia alternatiboak: zulagailuaren bateriak kargatzeko bi plaka fotovoltaiko eta haize-errota bat eramango dituzte. Lehenak egun eguzkitsuetan erabiltzeko eta bigarrena egun haizetsuetan (goi mendietan horietakorik ez da falta). Erronka handia da energia berriztagarriak leku isolatuetan erabiltzea.

Larrako karsta Mendebaldeko Pirinioan kokatuta, Larrako eremu karstikoa Europako garrantzitsuenetariko bat da. Eremu karstikoak kareharriez osatuta izaten dira eta harri horien barna leize, kobazulo eta lurrazpiko ibaiak sortzen dira.

Zatirik handiena Nafarroan badago ere, Zuberoa, Bearno eta Huescako mendialde malkartsu batzuek ere bere hartzen ditu. Inguru karstikoaren hedadura ia 140 kilometro koadrokoa da. Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi eta Petretxema dira punturik gorenak, 2.500 metroko garaierarekin. Iturburuak, beherago daude, 400 metroan, Ligi (Zuberoa) ondoko Beintia eta Ilamina iturburu erraldoietan. Hauek dira leizerik garrantzitsuenak:

San Martin Harriko sistema: -1410 m, 80.200 m (Nafarroa-Zuberoa)

BU56: -1408 m, 14.500 m (Nafarroa-Huesca)

Soudet-eko sistema: -1166 m, 10.340 m (Zuberoa)

Arresteliako Ziloa: -838 m, 59.600 m (Zuberoa-Nafarroa)

Añelarrako leizea (AN8-AN9): -819 m, 7.833 m (Nafarroa)

Lonne peyret: -807 m, 24.276 m (Zuberoa)

Añelarrako sistema: -739 m, 27.500 m (Nafarroa)

Bloga eta sare sozialak

Egitasmo honen informazioa sare sozialen bidez partekatu nahi dute. Horretarako, blog bat zabaldu dute (http://larra2013.blogspot.com.es/). Facebook eta Twitterren bidez ere esplorazioaren berri emango dute espeleologoek. J.Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo