GARA > Idatzia > Euskal Herria

Igeldoarrek desanexioari buruzko iritzia emateko herri galdeketa egingo dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartze prozesu bat abiatu du igeldoarrek desanexioari buruz euren iritzia eman dezaten. Herri kontsulta izango da prozesuaren ardatz eta herritarren iritzia «errespetatu» egingo duela adierazi du foru instituzioak.

p014_f02.jpg

Aimar ETXEBERRIA

1995. urtean Itxas Aurre elkarteak abiatutako ekimenari jarraipena emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, igeldoarrei desanexioaz euren iritzia emateko aukera eskainiz. Orduko hartan Donostiako Udalari egin zion eskaera elkarteak.

Funtzio Publiko eta Foru Administrazioko diputatu Garbiñe Errekondok prentsaurrean azaldu zuenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkitzen zen afera eurak gobernura iritsi zirenean; izan ere, aurreko Gobernuak 2010ean eman zuen 6/2010 foru dekretuari helegitea aurkeztea erabaki baitzuen Itxas Aurre elkarteak. Dekretu horrek Igeldori herri izateko aukera ukatzen zion.

Gauzak horrela, joan den maiatzean aipatu auzitegiak helegitearen tramitazioa «geldiarazi eta behin-behinean artxibatu» egin zuen. Ekainean, aldiz, 6/2010 dekretua baliogabetzeko eta Igeldo udal izendatzeko galdegin zion elkarteak Aldundiari.

Egoera horren aurrean, eta erabakiren bat hartu aurretik, igeldoarren nahia zein den jakiteko parte hartze prozesu bat jarri du martxan Foru Aldundiak, herri galdeketa bat izango duena ardatz.

Prozesuak lau fase izango dituela azaldu zuen prentsaurrean Arantza Ruiz de Larrinaga Hiri Partaidetzako diputatuak. Uztaila eta iraila artean parte hartze ekimena bera zehaztea izango dute helburu. Urria eta azaroa bitartean, aldiz, informazio eta eztabaida fase bat irekiko dute, «igeldoarrekin batera».

Herri galdeketa azaroan egitegitea aurreikusten dutela esan zuten. 1/2010 foru arauaren baitan egingo da galdeketa eta foru instituzioak aurrera eramaten duen gisa honetako lehen ekimena izango da.

Azkenik, eta parte hartze prozesuari amaiera emateko, eginiko lanaren balorazio bat egingo dute, «aurrera begira gauzak hobetzen joateko».

Hori guztia aurrera eramateko helburuarekin bi lantalde osatuko dituzte, Aldundiko eta Igeldoko Herri Kontseiluko kidez osatuta egongo direnak. Koordinazio lantaldea izango da bata eta prozesua martxan jartzea eta horren ikuskaritza lana egitea izango da bere zeregina. Lantalde eragilea izango da bestea eta ekimen guztiak burura eramateaz arduratuko da.

Parte hartze «esanguratsu» bat egotea nahi dutela adierazi zuen Ruiz de Larrinagak, eta emaitzak «eragina» izango duela esan zuen.

«Oztoporik ez» Udalak

Donostiako Udalak, bestalde, igeldoarren erabakiari ez diola «oztoporik» jarriko adierazi zuen prentsa ohar baten bidez, «koherentzia politikoak hala eskatzen digulako eta herritarrek euren erabakiak hartzeko eskubidea duten politika egiteko modu batean sinesten dugulako».

Horregatik, «gehiengoz eskatzen badute», Udaletik egin beharreko tramitazioak aurrera eramango dituztela argitu zuen. Era berean, igeldoarren erabakian ez duela parte hartuko ere jakinarazi zuen.

EAJk «harrokeria eta aldebartasuna» egotzi zion Aldundiari eta Udalbatza erabakiaren parte ez izana ere salatu zuen. PSEk, bestalde, Foru Aldundiaren erabakia kritikatu eta «nahaspila» batean sartzea egotzi zion, «beharrik izan gabe». Era berean, EAJri dei egin zion «desgobernu» egoera honekin noiz arte jarraitu nahi duen galdetuz. PPk erabakia «zentzugabekeria» dela esan zuen.

1.000 biztanle

1.000 biztanle ditu Igeldok egun, eta 10.000 kilometro karratuko azalera dauka. Donostian kokatua, Usurbil, Orio eta itsasoarekin egiten du muga.

oposizioa

EAJ, PSE eta PP erabakiaren aurka agertu dira. «Harrokeria eta aldebakartasuna» egotzi diote Bilduri, eta ekimena «zentzugabea» dela esan dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo