UDATE | IPAR EKHIAN
Eskurik esku «Egin»
Jon GARMENDIA
Idazlea
Institutuko garaiekin akordatu naiz, eta unibertsitatekoekin gero, bazelako zerbait biak bateratzen zituena nigan. Eta ez zen ikastea. Ikastokietara joateko banituen hiru gauza beharrezko, beno, beharrezko ez, ezinbestezko. Bata safariak ziren, kamioen gurpil zati batekin eginiko zola beltza eta oina estaltzeko larru fin marroixka zuten zapata merkeak; biga makutoa zen, amnistiaren ikurrarekin margotua eta orotariko esaldiekin apaindutako zorro berdexka bat. Estetika bat markatzen zuen janzkera horrek, errebeldiarena, edo behintzat hala iruditzen zitzaigun guri, anitz lerratzen baikinen itxura honekin. Baina hirugarren gauzak denari ematen zion forma, «Egin» egunkariak, hura eskuetan genuelarik gure errebeldia nahinorentzat ikusgai ematen genuelako. Atzo bete ziren 15 urte itxi zutenetik, Garzon epailearen aginduz, baina tartean Juan Maria Atutxa bezalako euskaldunek bultzatuta. Nola ahantzi bere perla hura, egunero 90 gramo amosal argitaratzen zirela! Eta «Egin» egiten zuten lagun anitzekin ere ukan nuen pentsamendua, bereziki kartzelan diren Jabier Salutregi eta Teresa Todarekin, baita Andoni Murga eta Fernando Alonso lagunekin ere. Gogoratu dut ere nola garaiko ene musika taldearekin, Etzakitekin, egunkari berriaren kanpainarako Baietz fundazioak eskatuta «Eskurik esku Egin berria helburu» erraten zuen kanta idatzi nuela. Zenbat oroitzapen. «Egin» «Gara» baino hobea omen zen, sarritan entzun dut hori, ez naiz eztabaidan sartuko, bata gabe ez baita bestea ulertzerik, eta dakidana da, «Gara» eskuetan dudalarik, ene errebeldia ikusgai ematen dudala.