GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Ate joka datoz Baionako bestak, Greneten agindupean eginen diren azkenak

Hilaren 24tik 28ra, bestak hartuko du Lapurdiko hiriburua. Ohiko ekitaldiei -Leon erregearen iratzartzea, Mascleta, bigantxak, pilota txapelketa, bandak, Karrikaldi, peñen ekimenak, ezohiko kontzertuak...- berrikuntza txiki batzuk gehituko zaizkie, tartean, bertako produktuekin egindako janari eskaintza, ELBren eskutik. Jaien hasieran Jean Grenet auzapezak, azkenekoz entregatuko dizkie hiriaren hiru giltzak herritarrei, hurrengo bozetara ez baita aurkeztuko.

p049_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Baionako jaien 81. edizioa izango da aurtengoa. Egitaraua duela aste batzuk argitara eman bazen ere, Herriko Etxeko buru Jean Grenetek, Henri Lauque eta Thomas Jaussaud Besten Batzordeko arduradunekin batera, atzo egin zuen aurkezpen ofiziala. Auzapez gisa bere azken bestak dira, gainera.

Izan ere, datorren urteko martxoan eginen diren udal bozetara ez dela aurkeztuko jakinarazi zuen joan den udaberrian. Hori dela-eta, 19 urtez alkatetzatik besteei egindako «ekarpen itzela» eskertu zion Lauque Jai Batzordeko presidenteak. «Oraindik mokanesak ateratzeko tenorea» ez dela heldu nabarmenduta, uztailaren 24tik 28ra Lapurdiko hiriburura joango den orori, «eta batez ere bertakoei» jaiak gozatzeko eta «egunerokotasunaren garraztasuna zertxobait ahanzteko» baliagarriak izatea opa zien.

Jaien egitarau oparoaren prestakuntzan aritutako dozenaka talde eta pertsonak eskertu zituen Grenetek, hitza Lauqueri pasa aitzin.

Aurtengo ekitaldien une nagusiak eta berrikuntzak azpimarratu zituen azken honek. Horien artean, Bonnat Laukian Baionako jaien afixen bildumarekin paratutako erakusketa. Zendu aitzin, urteetan kartelen egile izan zen Arnaud Saez izan zuten gogoan.

Beste berrikuntza, Laborarien Xokoa izango da. Chao-Pelletier kaian kokatuko da egunero goizeko 11.00etatik 23.00ra. ELB sindikatuaren eskutik, bertako produktuekin prestatutako jakiak eskainiko dira. «Ekimen berri honekin laborarien lanak eta herritarren elikadurak duten lotura eta ematen diegun garrantzia islatu nahi izan dugu», erran zuen Grenetek.

Bestalde, dagoeneko klasikoak bilakatu diren ekitaldiek ere ez dute huts eginen. Xumai Murua izanen da asteazkeneko jaien irekieran bertsoa botako duen bertsolaria. Haurrek Leon erregearekin ongi pasatzeko aukera izanen dute, mota guztietako musika eta kontzertuek karrikak blaituko dituzte, dantzan, kantuan edota bigantxen aitzinean korrikan aritzeko aukera ugari izanen dira, ohiko moduan.

Joan den urtean bezala, Iruñeko eguna larunbatez izanen da eta aurtengo `Corso argitsuaren' eta karrozen apaindurak zerikusi zuzena izanen dute haurrekin, hautatuko gaia «Haurren mundu liluragarria» baita.

Lau egunetan milaka lagun biltzen dituen bestaren zehaztapenak eta alde praktikoak ezagutzeko web orrialde berezia abian da (www.fetes.bayonne.fr) aurten ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo