GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Markinako Sanjoanak

Heldu da Karmen eguna, Markinako jaietako hitzordu garrantzitsuena

p055_f02.jpg

Jonebati ZABALA | MARKINA-XEMEIN

Karmengo Amaren eguna da gaur, Markina-Xemeingo jaietako egun handia. Goizean, 9.30ean, txistularien kalejirak markinar bat baino gehiago esnatuko du, ziur asko. Hortik ordubetera, herriko bandak kalejirari jarraipena emango dio ohiko erritmo dantzagarriekin. 11.00etan, Karmengo elizan, eta Udalbatzaren eta Xemein Abesbatzaren eskutik, Meza Nagusia izango da; 12.30ean, aurreskua Goiko Portalean eta ordu erdi geroago, Markina-Xemeingo bandaren kontzertua Arkupe aurreko plazatxoan.

Bazkaldu baino lehen, herriko musika eskolak prestatutako kalejira ibiliko da kaleak girotzen, Alarabi pertsonaia mitologikoarekin batera. Arratsalderako eskaintza zabala prestatu dute, udal pilotalekuan zesta-punta partidak eta zelaian herri kirolak izango dira 18.00etan. Azken honetan, ingude txapelketa, harri zulatzaileak, trontzalariak, txinga eroatea, harri jasotzea... Iparraldeko jokoak ikusteko aukera ere izango da: lasto botatzea eta jasotzea, gurdi eta zaku lasterketa. Horrez gain, bertso-saioa izango da Uhagon kulturgunean; Jon Maia, Fredi Paia, Beñat Gaztelumendi eta Iratxe Ibarra arituko dira; herriko bertso eskolak jarriko ditu gaiak, saioa gidatuz.

Herriko presoak jaietan ere gogora ekartzeko, Markinako Herrira bilguneak elkarretaratzea deitu du gaurko, 20.30ean Arkuetan. Errepresaliatuen alde, zapi urdina jantziko dute ekitaldian.

Gauean, eta Karmen egunari behar bezalako amaiera emateko, 22.00etan erromeria-dantzaldia egongo da Arkupe aurrean Luhartz taldearekin; euskal kanta eta dantzak, saloi dantzak... Betiko erromeria doinuekin jendea dantzan jarriko du. Eguna umorea galdu barik eta animatuta amaitzeko, Txosna Batzordeak karaokea antolatu du goizeko ordu txikietarako.

Umeak protagonista

Karmen egunaren ondoren, umeen eguna dator bihar: Karmen Txiki. Bihar, Karmen Txiki eguna da, haurrak jaun eta jabe izango diren eguna. Egun osoan, umeen parkea izango da zelaian; hainbat tailer ere bai. Goizean, erraldoiak eta buruhandiak. Arratsaldean, Xaibor DJ disko festa, eta Diabolo Classic Metal ikuskizuna. Jaiei bukaera emateko, 23.30ean herriko musika bandarekin azken kalejira izango da, eta Alarabi erreko dute, jaiei bukaera emateko.

Karmen osteko egunetarako kirol egitaraua prestatu dute. Ostiral gauean, udal pilotaleku nagusian Markina Hiria zesta punta saria hasiko da; ligaxkako partidu bi jokatuko dituzte. Igandean, eskola arteko umeen txirrindularitza lasterketa egingo dute Kareaga industrialdean. Arratsaldean, zesta punta txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte. Hirugarren eta laugarren postuak eta finala nork eskuratuko duen uztailaren 26an erabakiko da, gaueko 22.30ean.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo