UDATE | CITY PASS
Araia TX : txalapartaren ttakuna barreiatuko da berriz
Amaia GARTZIA | GASTEIZ
Araia TX ekimena bueltan da: Arabako herritxoak Txalaparta Egunaren bigarren edizioa gauzatuko du larunbat honetan, eta aurreko urteko jaiaren arrakastak bultzatuta egingo du.
Aurten, gainera, Araiako eta ondoko Aguraingo herritarrekin egindako aurkezpen bideo original bat filmatu dute jaia zabaltzeko. Elizalde plazan jarriko den Artisau Azokak zabalduko du egitarau zabala, goizeko hamaiketan.
Ordubete geroago txalapartaren inguruko eskultura aurkezpena egingo da Andoni Urrestarazu kalean, Lautadako Bertso Eskola, Asparren Dantza Taldeak eta Azken Kolpe TX Eskolakoen eskutik. Txalaparta hotsa gero eta ozenago adituko da kalean ondoren, txotx eta hamaiketakoarekin ordu bata eta erdietan. Tabernaz taberna ibiliko dira bertaratutakoak, ttakun-ttakuna beraiekin eramanda.
Hiruretan bazkari herrikoia egingo da herriko Iturbero frontoietan, eta ondoren, hirurak eta erdietan, Arramazka taldeak girotuko du bazkalostea. Seietan, berriz, tabernaz tabernako ibilaldia errepikatuko da; oraingoan baina, txarangarekin. Alabaina, taberna bakoitzean txalapartari ezberdinak izango dituzte zain, Oreka TXeko Harkaitz eta Mikel ere. Besteak beste, Gasteizko Txalamako, Sestaoko Amasur eta Abadiñoko Jotzen taldeak gonbidatu dituzte.
Bukatzeko, Adabegi & La Pulgaren kontzertua eta Rude Kanka DJa izango dira hamaiketatik aurrera.
Txalaparta hotsen deiak ez du etenik izango Araian larunbat honetan.