Kontseilua Arartekoarekin bildu da, azken txostena aurkezteko
GARA | DONOSTIA
Garbiñe Petriati Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko zuzendaria EAEko Arartekoarekin bildu zen atzo, Donostian, 2012ko hizkuntza eskubideen egoeraren txostenaren aurkezpena egiteko.
Herritarrek helarazitako kexei dagokienez, salaketen zioak behin eta berriro errepikatzen direla azaldu zion Petriatik Iñigo Lamarcari. «Herritarrek Euskararen Telefonoaren bidez Behatokira helarazitako gertaerek agerian jartzen dute administrazioek ez diotela erantzuten herritarrek euskaraz bizitzeko erakusten duten nahiari», esan zuen bileraren ostean zuzendariak.
Iazko euskararen «erradiografia» Arartekoari erakustea ezinbestekotzat jo zuen Petriatik, baita oro har eskubideen defentsan lan egiten duten erakunde guztiei ere, egoeraz jabetu daitezen.