GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Montes Lasarte Medikua

Bilduri proposamena

Hauxe da nire eskaera; Bilduk eska diezaiola Eusko Jaurlaritzari Osakidetzako zerbitzu- unitate guztietako zuzendaritzatan zuzendarien gutxieneko portzentaje bat euskalduna ezar dezan Txostenaren hitzetan, Osakidetzako Zuzendaritza Orokorra, garrantzi handia duen arren, normalizazioaren helburuen betetze mailan ez da gai izatera ere heltzen

Negu luze hotzaren ostean, udaberririk gabeko urte latz honetan, egiten duen sargoriaz pozarren nago. Gustura beroarekin, neure kontsultategian izerdi patsetan. Lasai, asperturik, leihotik zeruko hodeiei begira nago, euri zaparradaren bat botatzeko erreguka, bero saparen ostean horrelako freskagarriak onuragarriak zaizkit eta.

Bejondeigula! Pozgarriak, eskertzekoak, freskagarriak benetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EH Bilduk euskararen alde azken hilabeteotan hartu dituzten neurriak. Batzuen ustez, sinbolikoak, baina sinboloen herrian bizi garenontzat, aurrerapausoa; izugarrizko aldea erakutsi dute EAJk eta Eusko Jaurlaritzak euskararekiko agertzen duten jarrera eta ikuspuntuekin. Aurrerantzean, jen- daurrean eta prentsaurreko agerraldietan euskaraz egingo dute. Zerbitzuetako arduradunei euskaraz jakitea eskatuko zaie, eta euskara lan hizkuntza izango da Aldundiaren zerbitzu batzuetan. Euskara lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza. Bejondeiela!

Are gehiago, kontratazio publikoen oinarrietan hizkuntza eskakizunak sartu dituzte, erakunde publikoetan bezala hizkuntza eskakizunak dauden moduan; izan ere, kontratazio horiek diru publikoarekin egiten baitira. Euskararen aldeko beste urrats bat.

Ametsetan jausten denak ez du hezurrik hausten, baina euskararen egoera kezkagarria ikusirik, badauka Bilduk oraindik egiteko asko, neurri zehatzak eta konkretuak bultzatuz, eta horietako bat proposatzera nator oraingoan, eurek egin dezaten, alferrak garenok alferrik lan egitea gorrotatzen baitugu.

Euskarak Osakidetzako zuzendaritzan duen presentziaz hitz egitera nator. Aurten, aurreneko euskara planaren ebaluazio txostenak argitaratu dira, datorren euskara planaren oinarri eta abiapuntu izango direnak. Txosten orokorrak argi adierazten du zuzendaritzen hutsuneak, ezak eta eskasiak. Azken finean, Zuzendaritza da euskararen hondamenerako osasungintzan bizi dugun suitzar gaztaren zulo beltzetako bat. Txostenaren hitzetan, Osakidetzako Zuzendaritza Orokorra, garrantzi handia duen arren, normalizazioaren helburuen betetze mailan ez da gai izatera ere heltzen.

Emakumeek Jaurlaritzan gutxienez %40ko ordezkaritza izatea agintzen du Legeak. Osakidetzan emakumeak nagusi dira, langileen %80 inguru dira. Zuzendaritza mailan, zerbait aurreratu dugu eta dagoeneko zuzendarien %40-50 emakumeak dira. Lan bikaina egiten. Egon badaude zerbitzu-unitate batzuk, non zuzendaritza taldeak ia osorik emakumez osaturik dauden, langileon eta erabiltzaileen mesederako.

Baina euskaldunik ba al dago Zuzendaritzan? Zuzendari euskaldunen presentzia bermaturik al dago? Ezezkoan nago: Osasun sailburua, zoritxarrez, erdalduna da, orain arteko Osasun sailburu guztiak bezala. Zerbitzu zentraleko zuzendariak, eta unitatez unitateko zuzendariak, gehienak erdaldunak. Zuzendaritza mailan lan hizkuntza gaztelania da, eta euskara bazterreko gai bat, lehentasunik inoiz ere hartuko ez duena. Euskara ez da erabiltzen lan-bileretan, ez da erabiltzen kudeaketa-sistemei lotutako dokumentazioan, oso eskasa da euskaraz eskaintzen den prestakuntza. Zuzendaritzatik hasten ez bagara, euskarak ez du aurrera egingo osasungintzan.

Euskaldunak behar ditugu Zuzendaritzan, osasun zerbitzu euskalduna gogoan izango dutenak. Erdara hutsean eskaintzen den zerbitzuaren kalitate arazoaz kezkatuta egongo direnak. Den-denek ez dute, noski, euskaldunak izan behar, inposizioa ez baita zuzena inposiziorik gabeko gure gizartean. Baina gutxieneko portzentaje batek hizkuntz eskakizuna betetzea hain zaila al da?

Hauxe da beraz, nire eskaera; Bilduk eska diezaiola Eusko Jaurlaritzari Osakidetzako zerbitzu-unitate guztietako zuzendaritzatan zuzendarien gutxieneko portzentaje bat euskal- duna ezar dezan, derrigorrez.

Ez da erraza izango, jakina, PP, UPyD eta PSE segur aski aurka agertuko baitira. EAJren laguntza beharko luke horretarako, eta azeri zaharra izanik, goiztiarra eta oinak bizkor, baina ez da euskararen aldekoa. Hortaz, ez fida; bost axola azeriari euskara, berea lortuz gero. Baina behintzat, bere jarrera lotsagarria agerian utziko luke. Zuzendari euskaldunak bermatzeak kalitateari kalte egin diezaiokeela argudia dezakete. Euskara eta EAJ, horiek bai uztartu ezinak!

Hauxe da beraz, nire eskaera. Euskararen aldeko jarrerak ez daitezela izan euri zaparrada hutsak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo