GARA > Idatzia > Euskal Herria

Onkologikoa pribatizatzeko urratsak egiten ari direla salatu du EH Bilduk

p012_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Elkarretaratzea egin zuen EH Bilduk atzo Onkologikoaren aurrean, «onkologia artapenerako erreferentzia den Gipuzkoako zentroa» pribatizatzeko pausoak ematen ari direla salatzeko. Horrez gain, hainbat instituziotan zentroa osasun sistema publikoan sartzea erabaki zen arren, erabaki hori ez direla errespetatzen ari salatu zuten koalizio abertzaleko hainbat legebiltzarkide, batzarkide eta kargudun publikok.

Koalizioak Kutxaren Administrazio Kontseiluan duen ordezkari Ainhoa Beolak hartu zuen hitza elkarretaratzean, eta Kutxa gizarte ekintzarako onartutako aurrekontua «jaisten» ari dela salatu zuen. «Gizarte ekintzako dirua eta Kutxaren izaera gipuzkoar guztion ekarpenei esker eraikitakoa da eta Xabier Iturbe entitateko zuzendaria eta Carlos Ruiz gizarte ekintzako zuzendaria hartzen ari diren aldebakarreko erabakiak direla-eta, jaisten ari da herritarrei itzuli beharreko ekarpena», adierazi zuen.

Esandakoaren adibide gisa jarri zuen Onkologikoa, «urteetan gipuzkoar guztien ekarpenari esker eraikia izan dena». Kutxako zuzendaritzari «aldebakarreko» erabakiak hartzea leporatu zion Beolak eta horrek zentroaren proiektua «hutsaraztea» ekarri duela azaldu zuen. «Hori esateko datu zehatzak ditugu», adierazi zuen.

Kutxako gobernu organoetan bideragarritasun planak ez direla aurkezten ari azaldu zuen. «Gaur da eguna ez dakiguna Jaurlaritzarekin dagoen hitzarmena zertan den, nahiz eta hainbatetan eskatu dugun Administrazio Kontseiluan eta Onkologikorako batzordeetan», kexatu zen.

Almudena Moreno gerente berriaren lana ere izan zuen hizpide EH Bilduko kideak. Adierazi zuenez, «aldebakarreko erabakiak hartuz», langileak kaleratu ditu, «erizainak eta medikuak nagusiki». Horrez gain, Osakidetzarekin zegoen hitzarmena ere «murriztea» erabakia dutela gaineratu zuen. Hitzarmen horren arabera, gaixo bakoitzak erabaki zezakeen bere erreferentziazko zentroa zein izango zen. Erabakia dela-eta, «gero eta zailagoa dute gaixoek non artatuko dituzten erabakitzea», Beolaren hitzetan.

Halaber, Onkologikoaren hainbat espazio fisiko entitate publikoei alokairuan eman zaizkiela gaineratu zuen eta ikerkuntza bultzatzeko kanpora jotzea egotzi zien Kutxako arduradunei.

Onkologikoa publikoa

Kutxak ikerkuntzarako zentro bat baduela gogorarazi zuen, Inbiomed, eta «abandonatuta eta ixtekotan» dutela salatu zuen. Egoeraren larritasunaren berri eman ostean, eskaera argi bat egin zuen Beolak: Onkologikoa sistema publikoan integratzea. Horretarako, Gasteizko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta hainbat udalek eginiko eskariari men egiteko eskatu zuen; hau da, «Onkologikoa sistema publikoan integratzeko urratsak egin daitezela».

Eskari bera jada egina dutela azaldu zuen. «Bozkatu ere ezin izan genuen egin, gainerako kontseilariek ez zigutelako hori egiten utzi», argitu zuen Beolak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo