Batak bestea lagunduz, DYA-ren konpromiso sareak 40 urte bete ditu
Ilusioa, laguntzeko gogoa eta altruismoa daude DYAren atzean. Edo azpian hobe esanda, balio horiek baitira bere zutoinak. Gipuzkoako ordezkaritzak 40 urte egin ditu gaur; bazkide eta boluntarioek asko dute ospatzeko beraz, baita horien sorospena jasotzen duten milaka pertsonek ere.
Oihane LARRETXEA
Arantzazu Lersundik 26 urte ditu, eta badira bost DYAko boluntarioa dela. Kasualitate hutsa izan zen. Begiralea zen eta lehen sorospenetako ikastaro batean izena eman zuen, lagun batekin batera, udalekuetan haurrak zaintzeko baliagarria izango zitzaiolakoan. Ikastaro honen bitartez izan zuen lehenengo harremana DYArekin. Gaur egun, boluntarioen arduran aritzeaz gain, anbulantzia gidaria eta anbulantzia teknikaria ere bada. Bere egunerokoaz hitz egiten duenean duen grina begi-bistakoa da, gustatzen zaiona egiten du. Honek ematen dizkion pozgarriez galdetuta, azkar erantzuten du: «Gehiago da jasotzen duguna ematen duguna baino». Laguntza jasotzen duten pertsona askorentzat boluntarioak oxigenoa dira, oso pertsona garrantzitsuak bilakatzen dira.
Boluntario izateko bete behar diren baldintzak oso sinpleak dira: hamasei urtetik gora izatea eta denbora librearen zati bat, «txikia bada ere», behar duen horri laguntzeko erabili nahi izatea. Zentzu honetan, Lersundik azaldu du jendeak «DYA» entzuten duenean segituan anbulantziekin lotzen duela, baina zehaztu du hori baino askoz gehiago dela, laguntza motak oso anitzak baitira; gaur egun batez ere ongizatean. Hortxe dago etorkizuna.
Etorkizun horretaz mintzatu da GARArekin Jose Luis Artola, Joxepo, Gipuzkoako DYAko presidentea. «Orain dela hamalau urte utzi genuen Eusko Jaurlaritzaren sarea. Guk anbulantziak mantendu ditugu, baina urte hauetan gure lana laguntzera bideratu dugu. Babes zibilerako formakuntzan lan handia egin dugu, baina zalantzarik gabe, lanik handiena ongizate arloan izan da. Adibidez, gazte batek aitona bat etxetik ateratzea elkarrekin paseatzeko, Kontxan gora eta behera. Ez dirudi beste munduko ezer, baina jende zahar asko dago etxetik atera gabe urteak daramana. Eta hori gauza ederra da». Batak bestea laguntzeari eta elkarri emateari «sareak sortzea» deitzen dio Joxepok.
«Donostiako anekdota bat kontatuko dizut. Baziren bi bizilagun ez ziotenak elkarri hitz egiten, besterik gabe, traturik ez zutelako. Horietako bat laguntzera joan nintzen, baina ezin nuen nik bakarrik. Beste bizilagunari txirrina jo eta laguntza eskatu nion. Zalantzarik gabe lagundu zuen, eta eskatu, aurrerantzean ezer gertatzen bazen, edo behar bazen, abisatzeko. Gai izan ginen bi emakumeen artean lotura sortzeko».
Boluntarioekin batera, bazkideen papera ezinbestekoa da, bere esanetan. «Momentu honetan, nahiz eta erakundeen aldetik murrizketak baino ez dauden, gu mantendu egiten gara beraiei esker, gu herritarren proiektua gara», aipatu du harro. Zifrek hala erakusten dute; izan ere, aurrekontuen %80 baino gehiago bazkideen ekarpenak baitira. Gaur egun, Gipuzkoan bakarrik, 40.000 baino gehiago dira. Lerro hauen bidez eskerrak eman nahiz dizkie Joxepok. «Non ginateke beraiek gabe? Zentzu horretan ezin dugu `eskerrik asko Gipuzkoa' baino esan».
Printzipioei uko egin gabe
Lau hamarkada urte asko dira. Denetatik bizi izan dute; batzuk besteak baino une errazagoak, batzuk besteak baino gozoagoak. Une aipagarrienetakoen artean aipatu du Gipuzkoan DYA sare publikotik ateratzea erabaki zutenekoa; gaur Bizkaiak eta Arabak bizi duten egoera ekarri du gogora -orain aste batzuk Gurutze Gorria eta DYA atera dituzte sare publikotik, Valladolideko enpresa bat kontratatuz-. «Momentu hartan jendeak esaten zigun proiektua hil egingo zela, desagertu. Begira gaur non gauden, proiektuari gainera bira emanez, eboluzionatuz».
Errepideetako laguntza erabat beteta zegoen; zerbitzu hori beste askok eskaintzen zuten. Beste behar batzuk identifikatu eta horiek ase behar ziren, beraz, printzipio batzuk errespetatuta: izaera apolitikoa, gizarte funtzioa izatea, boluntarioen aldeko apustua egitea eta beharrak dauden lekuan gelditu eta laguntzea [«Detenerse Y Auxiliar» dira, gazteleraz, DYAren hizkien esanahia].
Gizarte ekintza indartu nahi dute, pertsona adinduak laguntzeko, bereziki. Istripuak prebenitzeko formakuntza eta sentsibilizazio programak ere egingo dituzte. Proiektu solidario honen parte izan nahi duenak, 943 46 46 22 telefonora deitu baino ez du egin behar.
Era el 23 de julio de 1973 cuando la DYA echó a andar en Gipuzkoa. Hoy, cuarenta años después, son muchos los proyectos realizados y las personas ayudadas. En total, más de 250.000 asistencias sanitarias, más de 50.000 de tipo social, además de las 10.000 personas que han recibido formación relacionada con la salud la prevención o el bienestar.
Las cifras son el resultado de muchos años de trabajo que a lo largo del año será reconocido mediante actos que DYA Gipuzkoa ha organizado.
Los más inmediatos los que tendrán lugar hoy mismo en Donostia. Además de acciones de Street Marketing, entre las 13.30 y las 14.30 en Sagüés se expondrán todos los efectivos con los que cuenta la DYA.
Hasta finales de año se celebrarán más actos a los que se les podrá seguir la pista a través de Twitter (@DYAGipuzkoa), Facebook, o su propia página web, www.dyagipuzkoa.com. O.L.