Gipuzkoak 300.000 euro zuzendu ditu Katealegaian lanpostu berriak sortzera
Katealegaia (KL) erakundeak 300.000 euroko diru laguntza jasoko du Gipuzkoako Aldundiaren eskutik, Azkoitiko lantegia eraberritu eta 30 lanpostu sortzeko. Minusbaliotasun fisiko edo psikikoren bat dutenen artean enplegua sustatzea izango du helburu ekimenak.
GARA | AZKOITIA
Gipuzkoako Aldundiak Katealegaia (KL) enpresa diruz laguntzeko konpromisoa hartu zuen atzo, 300.000 euroko diru laguntza emateko hitzarmena sinatuta. Horrela, minusbaliotasuna duten pertsonentzako 30 lanpostu sortzen lagunduko dio, baita Azkoitian lantegi berri baten eraikuntza gastuei aurre egiten ere.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Ander Rodriguez Gizarte Politika diputatua Azkoitiko instalazio berriak bisitatzen izan ziren atzo, lankidetza hitzarmena sinatu ostean. Katealegaiak ezgaitasun fisiko zein psikikoak dituzten pertsonak lan munduan txertatzen laguntzeko egiten duen lana goraipatu zuen Garitanok.
Azken bi urteetan langile kopurua bikoiztu du Azkoitiko lantokiak, 32 langiletik gaur egun dauzkan 61era pasatuz. Gainera, Aldundiak emandako diru laguntza berri honekin, instalazioak eta, horrekin batera, langileen lan baldintzak hobetzea espero du enpresak, baita beste 13 lanpostu sortzea ere, eskualdean enplegua sustatuz. Horrez gain, pieza forjatu eta mekanizatuen berrikuste jardueran espezializatzea, profesionalizatzea eta garapena sustatuko ditu.
12 lantegi Gipuzkoan
Guztira, 750 langile dauzka Katealegaiak Gipuzkoan sakabanatuta dauzkan lantegietan. Besteak beste, Oñatin, Bergaran, Tolosan, Mutrikun, Urretxun, Hernanin, Irunen, Errenterian, Zarautzen, Azkoitian, Aretxabaletan eta Lazkaon dauzka lantegiak.
Langileen %95ek minusbaliotasunen bat daukate eta euren esku dago enpresaren %70eko partaidetza. Gipuzkoako Aldundiak, bestalde, %11ko partaidetza dauka irabazi asmorik gabeko erakunde honetan.
Azken 30 urteetan eremu ezberdinak landu izan ditu, elektronika, mekanizazioa, logistika, galdaragintza, mekanizazioa, muntaketak eta kalitate kontrolak, besteren artean.
El conflicto de las residencias ha centrado las relaciones entre la Diputación y Adegi. Además, el pasado 15 de julio, el ente foral decidió romper relaciones con patronal por su posición ante los convenios colectivos.