Hipokrisian maisu dira europar agintariak
Europar Batasuneko Atzerri ministroek Hezbollah erakundearen adar militarra «talde terroristen» zerrendan sartzea erabaki dute. Argudio gisa, duela urtebete Bulgarian izandako atentatua erabili dute, libanoar antolakundeari egotzi baitiote haren ardura, baina argudio baino aitzakia ematen du horrek. Izan ere, ez da kasualitatea hainbat urtez Mendebaldeko potentzien jomugan egon den taldearen kontra orain ekitea, hain zuzen ere, Siriako gerran berebiziko garrantzia hartzen ari denean. Hasan Nasrallahk gidatzen duen erakundeak Gobernu siriarraren alde hain nabarmen lerrokatu izanak eta Armadarekin batera «errebeldeen» kontra jardun izanak hankaz gora jarri dituzte herrialde arabiar horretan erregimen aldaketa modu erraz samarrean egin zitekeela uste zutenen usteak, eta, egun, Baxar al-Asaden tropak dira, salbuespenak salbuespen, nagusi azaltzen direnak. Eta hori batzuek ez diote Hezbullahri erraz barkatuko.
Atzerri ministroek, hala ere, Libanorekin eta bertako alderdi eta agintariekin harremana eta kooperazioa mantendu nahi dutela esan dute, nahiz eta eurek badakiten erakunde xiitak libanoar gizartean duen garrantzia eta indarra, zati oso handi bat ordezkatzen duelako. Hartutako erabakiak ezer aldatuko ez duela esatea gezurra esatea da, eta berriz ere hipokrisian maisu direla erakutsi dute europar agintariek.