GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Era tradizionaleko Euskal Herriko finalak

Esnaolak eta Etxaburuak iragarpenak bete egin dituzte

Nagusitasun osoz eskuratu zuen gizonezkoen txapela batak eta emakumezkoena besteak.

p030_f01_435x435.jpg

Jon LEUNDA

Igor Esnaolak eta Alatzne Etxaburuak irabazi zuten, mutiletan eta nesketan, Euskal Herriko Txapelketa. Biak ziren garaipena erdiesteko faboritoak, eta bietako inork ez zuen hutsik egin. Nesketan, gainera, lehen aldiz jokatu da Euskal Herriko Txapelketa era tradizionalean.

Mutilak larunbatean neurtu ziren Gasteizen. Ikusleen aldetik ez zen erantzun ona izan, eta garbi geratu zen Euskal Herriko finala jokatzeko lekurik aproposena ez dela Araba. Segur asko ere Gipuzkoan izan balitz, erantzun handia izango zuen.

Igor Esnaola eta Lizaso ziren garaipena lortzeko bi faboritoak, eta amaieran biek lortu zuten lehen bi postuetan amaitzea. Legorretakoak aurten egin duen denboraldia txapela kentzeko modukoa izan da. Betiko eran Gipuzkoako eta Euskal Herriko finalak irabazi ditu, baita kanporaketak ere. Bera izan da aurtengo onena.

Esnaolak lan bikaina egin zuen hasieratik bukaerara, eta aitzakiarik gabeko garaipena erdietsi zuen. Lizasok ere ez zuen lan txarra egin, baina bigarren postuan amaitu zuen.

Ezustea hirugaren postuan eman zen, han sartu baitzen Kanflanka. Sailetan denbora askoan azkena izan zen, baina behetik gora egin zuen, eta Goenagari aurre hartu zion. Azken hau pasa den astean gaisorik ere egon zen, eta amaierara asko nabaritu zuen egoera, eta ezin izan zuen gehiago egin. Ordubete izan zuten lanerako.

Nesketan, berriz, Alatzne Etxaburuak lortu zuen garaipena Zizurkilen. Hemen jendeak erantzun ona eman zuen, baita segalariek ere, oso lan ona egin baitzuten. Bakoitzak 20 minutu izan zituen lanerako.

Etxaburua zen faborito nagusietako bat, eta ez zuen hutsik egin. Ezustea bigarren posturako geratu zen, Astondoak lan bikaina egin baitzuen, eta bigarren postua eskuratu, txapela lortzeko beste faboritoari, Arrate Garini, aurrea hartuz, eta itxura bikaina emanez. Legorretakoak ez zuen egun on horietakoa izan.

Aberea nagusi, Errezilen izandako apustuan

Koateriren astoa nagusitu zen larunbat gauean Errezilgo giza-proba taldearen aurka jokatutako apustuan. Gizonek 83 plaza egin zituzten, eta abereak, berriz, 103. Jendeak emandako erantzuna ere ikaragarria izan zen, 500 ikusle inguru bertaratu baitzen neurketa ikustera.

Kabiezesek bereganatu zuen jardunaldia

Kabiezesek bereganatu zuen Euskal Herriko Ligako hirugarren jardunaldia, eta horrekin batera sailkapeneko lehen postuan kokatu da, Burdin Gazteak taldeari aurrea hartuz. Binakako finalean, berriz, Endika Ugidos eta Unai Mesa gailendu eta jantzi zituzten txapelak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo