GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sokatira

Goiherri taldeak agerian utzi du gainerakoei ateratzen dien aldea

J.L.

Goiherri taldea erabateko nagusitasuna erakusten ari da aurtengo txapelketa osoan zehar. Jokatu diren hiru mailetan txapela lortu ostean, ikusteko zegoen 580koan zer egin zezakeen, baina bide beretik jarraitzen du Erandioko taldeak. Lehen jardunaldian ere garaile atera zen, eta argi utzi die denei nagusia zein den.

Berdeek garaipena eskuratu zuten berriro ere, eta denboraldiko laugarren txapela lortzeko bidea egiteari ekin zioten. Geratzen diren bi jardunaldietan gauzak ikaragarri aldatzen ez baldin badira, Goiherrik lau txapel jantzita amaituko du sasoia. Orain artekoa ikusita, ez dirudi gauzak batere aldatuko direnik.

Aurrez jokatu diren mailetan, borrokarik handiena bigarren posturako izaten zen, eta oraingoan, behintzat, Gaztedi A taldeak aurrea hartu du. Gorritxoek bigarren postuan amaitu zuten.

Mutriku izan zen hirugarren postuan. Garbi dago bi talde hauen artean alde handirik ez dagoela, eta geratzen diren bi jardunaldietan edozer gerta daitekeela. Biek egin beharko dute lan handia, bigarren postuan amaitu nahi baldin badute.

Laugarren postuan, berriz, berdinduta amaitu zuten Goiherriren eta Gaztediren bigarren taldeek. Lan polita egin zuten, eta hemendik aurrera ere bien artean dema ederra izan dezaketela ikusi zen. Azkena, berriro ere Getxo geratu zen.

Lehen jardunaldiaren ostean, Goiherri A taldea dago lehenengo, 6 punturekin; bigarren, Gaztedi A, 5ekin; hirugarren, Mutriku, 4rekin; laugarren, Gaztedi B eta Goiherri B, 2,5 punturekin, eta seigarren eta azkena, berriz, Getxo puntu batekin.

Bigarren jardunaldia Berangon jokatuko da datorren larunbatean Santa Ana auzoan, eta han berriro ere Goiherrik irabazten baldin badu, txapela ia segurtatuta izango luke. Hirugarren eta azken jardunaldia Alegian jokatuko da uztailaren azken egunean, eta horrekin amaituko da sasoia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo