UDATE
Bilboko Aste Nagusian sinesten dutenei «aurpegia emateko» deia
GARA | BILBO
«Azkunejo lixiba» erabiliz, Bilboko Udala Aste Nagusia koloregabetzen ari dela salatu zuten atzo Bilboko Konpartsek eta, halakorik gerta ez dadin, «Zaindu maite dozuna» ekimena jarri dute martxan. Aurpegi argazkiz osatutako collage bat egitean datza deialdia. «Aste Nagusia berezi egiten duen jai ereduan sinesten duzuen guztiok bere alde aurpegia ematera deitu nahi zaituztegu», adierazi zuten.
Azken bi urteetan kontzertu kopurua erdira murriztu dela salatu zuten konpartsek, kalitatean ere jaitsiz, «jai esparrutik urrun eraman dituzte, jai batzorde mistoa mespretxatuz, Txurdinagako auzotarrekin eta inongo eragilerekin hitz egin gabe». Horrez gain, «harrigarria» iruditzen zaie Udalak Bilbao BBK Live jaialdiari 1,2 milioi euro ematea hiru egunerako, Aste Nagusiko aurrekontua 9 egunerako 2,5 milioikoa izanik. Horrez gain, salatu zuten jaien ondoren En Vivo musika jaialdi pribatua babestuko duela Udalak.
Gauzak horrela, Aste Nagusian photocall bat egongo da -oraindik lekua zehazteke dute- eta bertan nahi duenak bere argazkia atera, inprimatu eta collagean itsatsi ahal izango du. Bertara joaterik ez dutenek zaindumaitedozuna@bilbokokonpartsak.com helbidera bidal dezakete euren argazkia.
Guztira 28 konpartsa izango dira aurten Bilboko Aste Nagusian, iaz baino bat gehiago, Piztiak konpartsa animalista batu baitzaie. Abuztuaren 18an abiatuko dira jaiak, baina aurretik, joan den larunbatean, Konpartsero Eguna ospatu zuten Bilboko Konpartsek Areatzan.
Goizean umeentzako tailer eta puzgarriak izan zituzten. Pintxo lehiaketak arrakasta handia izan zuen eta, ondoren, erromeria eta kalejira izan zituzten. GARA