GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Bilbotarrak Gasteizko jaietara erakartzeko kanpaina abian

GARA | GASTEIZ

Gasteizko Udalak, Andre Mari Zuriaren jaietara ahalik eta jende gehien erakarri asmoz, kanpaina abiatu du Bilbon. «Dibertsioa zerutik jaisten da. Goza itzazu Gasteizko jaiak» lelopean, atzo aurkeztu zuen Javier Maroto alkateak Bizkaiko hiriburuan. Bilboko tranbian eta tokiko hedabideetan gauzatuko du kanpaina.

Karteletan Gasteizko jaien irudi ezagunena ageri da, Zeledonen jaitsiera. Kolore berdeari ere garrantzia handia eman zaio, «green capital» izaera azpimarratzeko.

Marotok azaldu zuenez, «esperientzia pilotua» izango da Bilbokoa eta emaitza onak baditu, inguruko hirietara zabalduko da datozen urteetan.

Tranbia zerbitzu berezia

Ostegunean Blusen eta Nesken Eguna dela-eta, Euskotrenek tranbia zerbitzu berezia eskainiko du. Asteazken gauetik (23.10etik) goizaldeko 6.37ra bitartean, Antso Jakituna-Honduras adarrean lau bidaia egingo ditu orduko, bi noranzkoetan. Ibaiondo eta Abetxuko adarrean, berriz, ordu erdiro igaroko dira bi noranzkoetan.

Ostegunean eten egingo du tranbiaren zirkulazioa Antso Jakituna-Angulema artean, 12.00etatik aurrera.