UDATE
Arteleku zentroa arte feministaren topagune, hiru egunez
GARA | DONOSTIA
Gipuzkoako Arteleku arte zentroa aitzindaria izan da artearen eta sorkuntzaren alorrean feminismoa lantzen eta aurten, gaur eta bihar burutuko diren ekoizpen feministaren inguruko jardunaldietan, azken hamabost urteetan garatu duen lan lerroari bultzada berria eman nahi izan dio.
«Arte ekoizpen feministak: ezagutza prozesuak eta belaunaldien arteko harremanak» izenburupeko jardunaldietan arte feministak erabiltzen dituen tresna ezberdinak (aldarrikapen queer, trans eta feministak, teoria kritiko queer eta feministak, arte feministak eskainitako bisualitate berritzaileak) artista ezberdinen prozesu lanetan nola barneratzen eta islatzen diren aztertuko da. Izan ere, ezagutza berritzaileak eta ez legitimatuak posible egiten dituzten tresna feministak identifikatzea garrantzitsua da, hauek gure errealitatearen egiturak moldatzen lagunduko digutelako.
Era berean, jardunaldi hauen bigarren helburua belaunaldi ezberdineko artisten zein belaunaldi berekoen arteko harremanak arte ekoizpen feministaren bitartez aztertzea da. Hitzaldiak eta publikoarekin mahai-inguru irekiak tartekatuko dira jardunaldi hauetan. Guztira, dozena bat artistak euren ezagutza prozesuen inguruan hausnarketa egingo dute. Parte hartuko duten sortzaileen artean Xabier Arakistain, Maria Ptqk, Azucena Vieites, Naia del Castillo, Rosa Parma, Sahatsa Jauregi, Ana Laura Alaez, Jeleton, Itziar Okariz, Zuhar Iruretagoiena, Loren Alfaro eta Maria Jose Belbel daude.
Bestalde, Artelekuk hiru pentsalari feministaren ekoizpen teorikoaren parte diren hiru testurekin liburua argitaratu du euskaraz eta gaztelaniaz. Eve Kosofsky Sedgwick, Wendy Brown eta Gayle Rubin-en testuekin batera, Maria Jose Belbel liburuaren editoreak idatzitako sarrera dauka, obra hauen testuingurua azaltzen duena.
Garazi Lopez de Etxezarreta, Kultura zuzendariaren hitzetan, «Euskal Herrian urtetan garatu den mugimendu feminista daukagu, baina ezinbestekoa da testu garrantzitsu hauek euskarara itzultzea; batetik, nazioartean generoaren inguruan izaten diren eztabaidak ezagutzeko aukera eskaintzen digutelako, eta, bestetik, testu hauek, euskaratik abiatuta, eztabaidatzeko, sortzeko eta proposamen berriak egiteko oinarriak eskaintzen dizkigutelako».