GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Haurraren promesa

Jon GARMENDIA Idazlea

Ez dakit zergatik, baina Persiako kontuak biziki maite ditut. Frank Millerren komikian oinarrituriko «300» filmean, Espartako heroien alde lerratu ordez Jerjes handiaren gudarostearekin nindoan ni. Ahmadinejad agintaria sinpatikoa zait, eta Jomeini ere hala egiten zitzaidan, ez haien politika egiteko maneragatik, bai persiarren herrialdekoak izateagatik. Gaur, Persiako ipuin batzuk irakurri ditut goizean, eta hau bereziki maitatu dut: Ama bere bi haurrekin. Zaharrenari mintzo zaio, eta hil arteino egia erranen duen galdegiten dio; haurrak baietz, biziko den artean hala eginen duela. Orduan, amak, bere zilarrezko txanpon guztiak seme zaharrenari barneko arropan josten dizkio, eta erdia anai tipiari emateko eskatzen dio hura handitzen denean. Ama, gutira hiltzen da, eta bi haurrak desertuan zehar nora gabe abiatzen dira, beren gisako herritar batzuekin elkarturik. Bidelapurrek erasotzen diete, eta poltsikoetan daukaten diru guztia emateko eskatzen die lapurren buruzagiak, agindua betetzen ez duenari lepoa moztuko diola mehatxu eginaz. Kopuru bat ematen dute denek, ez dena. Anaia zaharrenak buruzagiari erraten dio poltsikoan ez dutela fitsik, baina barneko arropan dituela zilarrezko txanpon guztiak. Buruzagiak harridura agertzen du, haiek bilatzera jarrita sekula ez zituzketen aurkituko eta. Bizirik, eta diruarekin beren bidea jarraitzen uzten die anaiei; beste guztiei lepoa mozten die. Arratsaldean, egunkaria irakurtzen ari nintzela, burura etorri zait ipuina, agintari politikoen kontuak irakurrita igual, eta amak promesarik ez ziela eginarazi imajinatu dut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo