UDATE
2.000 botila, Astigarragako Sagardo Egunean
GARA | ASTIGARRAGA
Ostiral honetan, uztailak 26, ospatuko dute Astigarragan Sagardo Eguna. 36 urtetan errepikatuta, Euskal Herrian ospatzen den zaharrena da.
Santa Ana eguna ospatzeko antolatu zuten aurrenekoz 1976. urtean, eta ohitura bihurtu dute jai hau. Hala, gaur egun, Astigarragako egun handienetako bat da. Sagardoaren Lurraldea plataformak antolatzen du aurtengoa. 2003an sortu zen talde hau eta Euskal Herriko sagardo kultura ezagutarazten saiatzen da turismoaren bitartez. «Baserri giroko festa hau aprobetxatuz», festa eguna gozatzeko hainbat ekitaldi izango dira egun osoan zehar. Herri kirolak, bertsolariak, euskal dantzak eta idi-demak ez dira faltako. Aurten, Astigarraga inguruko 20 bat sagardogilek 2.000 sagardo botila ekarriko dituzte gerturatutakoentzat. Beraz, ez da egarri gelditzeko arriskurik izango.
Goizean goizetik, Iturengo joaldunak eta Astigarragako trikitilari gazteak ibiliko dira kaleak girotzen. 11.30etik aurrera izango da Foru plazan sagardoa dastatzeko aukera. Idi demaren eta bertsolarien atzetik, sabela ongi betetzeko beta izango da herri bazkarian. Indarrak berrituta, herri kirolek hartuko dute txanda arratsaldean. Guztientzako egitaraua dago, eta clown ikuskizunaz ere gozatu ahal izango da. Eguna musikarekin agurtuko dute. Laiotz, Aborto Fallido, Anboters eta Txema taldeek jarritako erritmoekin, egarria baretzeko nahi adina sagardo izanik.