UDATE
Sormena eskaini
Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Egiten ari naizena niri gustatu behar zait aurrena. Hala ez bada... Ezin naiz beste baten buruan sartu, ezinezkoa da. Niretzat baliagarria bada eta ona iruditzen bazait, aurrera egingo du, bestela ez». Elena Odriozola ilustratzaileak horrela erantzuten dio elkarrizketa batean lanean ari dela balizko irakurle edo ikuslearengan pentsatzen ote duen galderari. Getariako egia dirudiena, sormenaren munduan nahasmen eta eztabaida iturri da. Sortzaileak bere lana ahalik eta jende gehienarengana heltzea nahi du (jakina, badira `marginalian' bizirautea aldarrikatzen dutenak, Ama Birjinarena baino garbitasun artistiko handiagoa erakutsiz). Sormen lanaren hedatzea balizko kontratatzailearen esku egon ohi da; beraz, horrek erabakiko du lan hori jendearengana helduko den edo ez. Noski, prozesua ez da hain sinplea, baina zutabe honetan oinarritzen da normalean.
Halako egoeraren aurrean sortzaileari barne kezka sortuko zaio; alegia, bere lana balizko merkatu horren menpean jarri ala hori kontuan hartu gabe sortu? Oreka egon daiteke?
«Esaten zidaten pentsatu beharko nuela irakurlearengan. Baina nork irakurriko du? Ez dakit. Eta jakinda ere, nola egiten da hori? Nik nola egin dezaket zuretzako zerbait? Zuk egin beharko duzu zuretzako lana. Zurekin fidela bazara eta sentitzen duzuna egiten baduzu, hori iristen da».
Ipuinak kontatzerakoan jende aurrean jartzen zara, kontatuko duzunaren jakinminez dagoen publikoaren aurrean. Istorioak entzutera etorri denak ez du jakingo zer ikusi eta entzungo duen. Kontalariak ere ez du jakingo entzule/ikusle horiek zer bilatuko duten, zer pentsatzen duten, nortzuk diren.
Nola kontatu, ordea, aurretik irudikatu badugu ustezko publikoa? Zein interesen menpe egongo da sormen lana, aurretik erabaki badugu nolakoa izango den publikoa eta gainera horren arabera sortu? Beste arloetan bezala, kontalaritzan sormen lana norberaren ikuspegitik eta izatetik egin beharko da. Zertarako bestela jende aurrean jarri?