GBBk ez du argitzen errepideak finantzatzeko proiektua babestuko duen
Kritikatu bai, baina ez zuen EAJk argibide gehiagorik eman Bilduk Gipuzkoako errepideak finantzatzeko aurkeztu berri duen proiektuaren inguruan, planaren gaineko informazioa falta zaiola arrazoituz.
Aimar ETXEBERRIA | DONOSTIA
Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) bozeramailea den Maria Eugenia Arrizabalaga hedabideen aurrean agertu zen atzo, Bilduk aurkeztu berri duen Gipuzkoako errepideak finantzatzeko proiektua kritikatu asmoz. Pasa den asteburuan GARAk publikatu zuen elkarrizketan Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugartek esanikoak gezurtatzea izan zuen helburu nagusi agerraldiak.
Gobernura iritsi zenetik «okerreko aurreiritziekin jardutea» egotzi zion koalizio independentistari Arrizabalagak, eta horren arabera, garatu berri duen proiektua justifikatu nahian «manipulazioa» erabiltzea egotzi zion. Era berean, «okurrentzia eta asmakizunetan dabilela-eta», Ugarteren jarduna kritikatu zuen.
Arlo ekonomikoan zentratu zuen batez ere EAJk bere agerraldia. Herrialdeko errepideak finantzatzeko proiektuaren bideragarritasun ekonomiko eta finantzieroaren berri ematen duen planik ez dutela jaso kexatu zen, eta errealitatea «dramatizatu» nahi izatea egotzi zion Ugarteri. Bidegik bizi duen egoera Foru Aldundiak esaten duen bezain txarra ez dela gaineratu zuen, eta proiektua garatzeko orduan erakunde publikoaren diru sarreren alorreko aurreikuspenak aldatu izana egotzi zion Bilduren Gobernuari.
Arrizabalagaren esanetan, Ugartek zuzentzen duen gisako departamentu orok bi elementu nagusiren arabera garatu beharko lituzte proiektu guztiak; «zorroztasuna eta ardura», eta bien faltan dabilela egotzi zion Mugikortasun eta Azpiegituretako diputatuari. Proiektuaren aurrelanketa falta sumatzen duela ere esan zuen, nahiz eta jada bi urte igaro diren Aldundia proiektu honekin lanean dabilenetik. Hala, GARAk jakin ahal izan duenez, 30 enpresatik gora izan dira proiektuaren lanketan parte hartu dutenak, beharrezkoak diren ikerketa eta txosten guztiak eginez.
Arkuperen esleipena
Arrizabalagak aurreratu zuenez, Bidegiko Administrazio Kontseiluak bilkura izango du gaur. Bilkura horretan, besteak beste, Arkupe sistemaren esleipen txostenari hasiera emateko erabakia hartuko du Bidegik, GBBko bozeramailearen esanetan. Egoera horren aurrean, Bilduk Batzar Nagusiak «hutsaren pareko» tratatzen dituela kritikatu zuen, eta bere politika egiteko eraren oinarria «aurrena egin eta gero hor konpon» izatea egotzi zion, «aldebakartasun» puntu bat ere gehituz. Guztia, ordea, «beharrezkoak diren deklarazio justifikatzaileekin» egitea egotzi zion.
Finean, koalizio abertzaleak garatu duen proiektua kritikatu zuen Arrizabalagak, baina ez zuen bere taldeak hartuko duen erabakiaren berririk eman, hau da, ez zuen argitu jeltzaleek Gipuzkoako errepideak finantzatzeko plana onartuko duten edo ez. Horretarako «nahikoa» informazio ez dutela esan zuen, eta horrek horrela jarraitzen duen bitartean euren jarrera ezingo dutela zehaztu gaineratu zuen Arrizabalagak.
«Okurrentzia eta asmakizunetan» ibiltzea egotzi zion Arrizabalagak Ugarteri, nahiz eta jakina den Bidegiko kontuez jakitun izan bezain pronto ekin ziola proiektua gauzatzeari Bilduk.
PSEk ere, EAJren ildoari jarraiki, Gipuzkoako Batzar Nagusiak alde batera uztea egotzi zion Bilduri, foru legea aurrera ateratzeko «behar duen gehiengorik» ez duela gaineratuz.