GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

martxel toledo garmendia | Oiartzun

Basque Country eta Euskaltel taldea

Izanak eta izenak lagunduko gaitu mundu zabalean herri gisa hazten, nazioartean gure balioak ezagutzera eman behar ditugu, edota geurea defenditu behar dugu! Ez dira nire hitzak, Iñigo Urkulluk hedabideen aurrean esandakoak baizik hona ekartzen ditudanak, gaiarekin gaurkotasuna hartzen dutelako.

Azken hilabetean Euskal Herriko hedabideetan azaltzen den modura, badirudi Euskaltel Euskadi taldea, arazo ekonomikoak direla medio, desagertzeko zorian dagoela. Eta ondorioz, profesional mailan, Euskal Herriak txirrindularitzan egun duen talde ezagunen eta lehiakorrenak, ez duela jarraituko. Eta bat-batean, Urkulluren hitz ponpoxo horiek etorri zaizkit burura eta pentsatu dut, Basque Country marka nazioartean zabaltzeko, Jaurlaritza 120 milioi euro gastatzeko prest badago, hori da behintzat orain bizpahiru hilabete hedabideen aurrean marka aurkeztu zuenean esandakoa, Euskaltel Euskadi taldeari kantitate horretatik %2,5 emanez gero, agian, nazioartean gure balioak ezagutzera emateko aukera emankorrena babesteaz gain, «geurea defenditu behar dugu!» esaldiarekin koherentziaz aritu baino ez luke egingo.

Baina, beste batek zioen modura, gauza bat da esatea eta beste bat egitea. Eta bigarren hau, zailago izaten da, batik bat, konbentzituta baino, zerbait justifikatzeko hitz egiten denean. Eta nik uste dut, oraingoan ere, tamalez antzeko zerbait gertatuko dela, eta ondorioz, hemendik aurrera, gure herriaren nortasuna, identitatea... alegia, Urkulluk aipatutako balio horiek defenditzeko, guztiok pixka bat zailago izango dugula, finean, Euskaltel Euskadi txirrindularitza taldeak, euskal zaleei bizipoza emateaz gain, nazioarteari, Basque Country (Euskal Herria) existitzen dela adierazteko ere balio izan duelako. Eta ez da gutxi, batik bat, ikusita, horretarako ere, Espainiak eta Frantziak ate guztiak ixten dizkigutela. Beraz, soilik ikuspegi horretatik begiratuta ere, nire uste apalean, merezi du taldeari laguntza eta babesa ematea. Baina ez soilik kasu honetan, baita beste hainbat kasutan ere, nazio ikuspegitik begiratuta, laguntza horrek, nazioartean aritzeko eta herri honen nortasuna eta identitatea aldarrikatzeko balio izaten duenean. Hori izan beharko litzatekeelako laguntza publikoa emateko exijitu beharko litzatekeen baldintza minimoa, alegia, talde edo kirolari gisa, euskal herriaren ordezkaritza izatea eta horrela aritzea.

Ea ba, aurrerantzean ere, esaldiak dioen modura, herri honen izanak eta izenak laguntzen gaituen mundu zabalean herri gisa hazten, eta behingoz, soilik, Basque Country izaten, hori baita euskal herritarren gehiengo handi batek amesten duguna, alegia, geure buruaren jabe izanik, herri aske eta librea izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo