Gazteentzako atari biziagoa aurkeztu du Donostiako Udalak
GARA |
Donostiako Udaleko Gazteria sailaren webgune berria 0 eta 30 urte arteko haur eta gazteei dago zuzendua, eta adin tarte hain zabala izanik, lau multzotan sailkatu dituzte edukiak: 0-12 urtekoentzako atal bat dago, 13 eta 17 artekoentzat beste bat, 18 urtetik gorakoentzat, eta Gazte Informazioa, buletin digitalarekin. Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak eman zituen atariari buruzko xehetasunak. Laburbilduz, azaldu zuen orri eguneratuak kolore, bizitza eta eduki gehiago dituela.
«Gure xedea publikoaren beharretara egokitzea zen eta haur eta gazteentzako erakargarri izango zen ataria sortzea», adierazi zuen. Ildo horretan, multimedia eremu bat sortu dute, ekimenen argazki eta bideoak kaleratzeko, eta blog bat ere bai, harremanetarako bide berriak zabaltzeko.