GARA > Idatzia > Euskal Herria

Desobedientzia aldarrikatuz amaitu da bizikleta martxa

GARA |

Zazpi egunen buruan jarduera, hitzaldi, antzerki zein protestak eginez herri ugaritatik igaro den AHTren aurkako bizikleta martxa atzo amaitu zen Donostian. Azken kilometroa oinez osatu zuten Artzain Onetik Bulebarreraino, lurrari eraso egiten dion proiektu txikitzaileen kontrako jarrera, desobedientziaren bidea eta beste jendarte eredu baten aldeko hautua azalduz. Lakuako Gobernuak Andia kalean duen eraikina «AHT bide itsua» lelodun pegatinez josi zuten eta Ogasun Ministerioko Ordezkaritzara ere eraman zuten tren honen aurkako aldarria.

Kutxabankeko egoitza nagusian, protesta irudimentsu bat egin zuten: krisi ekonomiko eta sozialak kalteturiko sektore eta pertsonak irudikatu zituzten klarionen bidez, bankuaren horman marraztuz. Eta Bulebarreko kioskoan, AHTren aurkako eta lurraren aldeko bizikleta martxa desobeditzailearen amaiera ekitaldia egin zuten.

Bertan, Aitor Esnaola Legorretako Olalde baserri kaltetuko bizilagun eta artzain presoari helaraziko dioten gutun bat irakurri zuten, duela zortzi egun Altsasutik abiatu zirenetik bizi izan dituztenak kontatuz. Mezu nagusia ere plazaratu zuten. Motxila borrokan segitzeko arrazoiz bete dutela nabarmendu zuten -«babesten eta elikatzen gaituen lurraren txikizioa bertatik bertara ikusi dugu; Administrazioetatik gezurra eta inposizioa besterik jasotzen ez dituzten baserritarrekin solasean aritu gara...»-. Eta desobedientziaren eraginkortasuna eta indarra frogatzeko aukera izan dutela erantsi zuten: mezuak zabaldu dituzte, txikizioa azaleratu, tartaren «gozotasun desobeditzailea» aldarrikatu...

Bi bizimodu desberdinen arteko aldea «inoiz baino ageriago» utzi dute: «Abiadura handia eta motela, hurrenez hurren, AHTk eta txirrindulak irudikatzen dutena». Eta zabaldu dituzten desobedientziaren haziak ernetzea espero dute, haren bidez lurraren alde mugitu eta eragiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo