Sortuk burujabetza «Legebiltzarrean eta kanpoan» bultzatu behar dela dio
Irailean Gasteizko Legebiltzarrean estatus berri bat adosteko lantaldea eratuko dutela baieztatu izana EAJk begi onez ikusi du Sortuk, baina burujabetza «barruan eta kanpoan», bietan bultzatu behar dela gogoratu dio Hasier Arraizek Andoni Ortuzarri.
GARA |
Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak EAJrekin eta beste alderdi politiko batzuekin «indarrak batzeko» aukera planteatu du, «burujabetasun prozesu bat martxan jarri eta azkenera eramateko». Baina Legebiltzarrean ados daitezkeen neurriez gain, «gehiengo sozial burujabea lehenbailehen aktibatzeko» deia ere egin du.
Europa Press-i eskainitako adierazpenetan, Arraizek uste du burujabetasunaren gaia Gasteizko Legebiltzarraren «barruan zein kanpoan» planteatu behar dela, nahiz eta bere ustez hori «ez den EAJri gehien interesatzen zaion gaia», orain arte erakutsi duena ikusita.
Sortuko presidentearen aburuz, badirudi EAJri «gehiago interesatzen zaizkiola beste motatako eztabaidak eta epe laburrerako akordioak, Gasteizen boterean erosoago sentitzeko». Horrela, PSErekin laster akordioak ixtea gerta daitekeela aipatu du.
Hori dela-eta, «ikuspegia zabaltzeko» eskatu dio EAJri, «herri honen beharrak benetan zeintzuk diren ikusteko». Irailean berriro biltzekoak dira Sortuko eta EAJko ordezkariak.
Halaber, espainiar Estatua «usteltze orokorreko egoera batean» dagoela nabarmendu du Arraizek, baita Katalunian independentziari buruzko kontsulta bat dagoela eta data zehaztea besterik ez dela geratzen ere. «Egoera honetan, barkaezina litzateke Euskal Herria nazio bezala eta bere erabakitzeko eskubidea aitortzen dugunok gure indarrak ez batzea sistema burujabe bat martxan jartzeko eta azkenera eramateko», berretsi du.
Sortuk hori bultzatzeko ahalegina egingo du, Arraizek nabarmendu duenez, bai EAJrekin eta bai beste indar batzuekin.
Estatuaren «usteltze» prozesua, batetik, eta Kataluniako galdeketa, bestetik, bertan direlarik, Euskal Herrian ere aurrera egiteko unea heldu dela esan du Arraizek.