GARA > Idatzia > Kultura

udate | HARKAITZ CANO, IDAZLEA

«Etorkizunari buruz idaztea beti izan da orainari buruz kezkatzeko modua»

Idazle lasartearrak «Izozteko adina» zientzia fikziozko narrazioa prestatu du GARA eta NAIZerako. Igande honetan, bere urtebetetze egunean argitaratuko da lehen kapitulua.

p041_f02.jpg

Ane ARRUTI

Asteburu honetatik aurrera, 2112. urtera bidaiatzera gonbidatuko gaitu Harkaitz Canok egunero-egunero. «Izozteko adina» deitu dio lasartearrak GARA eta NAIZerako espresuki idatzi duen narrazioari. 22 kapitulu izango ditu eta igande honetatik abuztuaren 25era bitartean argitaratuko dira. Testuak Koldo Landaluzeren ilustrazioekin jantziko dira, gainera.

«Zientzia fikzioa, B saila, steampunk eta cyberpunk estetikako komikia inspiraziotzat hartuta, satiratik eta fartsatik asko duen istorio haluzinatu eta haluzinantea da `Izozteko adina'», aurreratu du Canok. Baobil hirian kokatzen da istorioa, orain Bilbo bezala ezagutzen dugun hirian. 2112. urtean gaude, distantziak ezabatuak izan dira ia eta hilezkortasuna ez da urrun: aurten egingo da, azkenik, Izozte Aktari buruzko erreferenduma. Denboraren orea menperatu du gizakiak. Baita memoria ere. Rewind eta forward. Gure esku dago oroitzapenak noiz eta non gordailatu, nori eskualdatu eta nori ez. Euskara ere ez da garai batean erabiltzen zen berbera: «bilbatua» hitz egiten da orain, ingelesarekin nahastutako euskara. Korporazioen menpeko mundu globalizatuan, ez dirudi Euskal Protektoratuak behar adinako autonomiarik duenik. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, Guggenheim gainean presentzia mehatxagarri bat azaldu da.

Bost pertsonaia nagusi aurkezten dizkigu Canok. Nora Stewart, unibertsitatetik egotzi berri duten irakaslea; Didi Larrea, euskaltzaina, beste gauza askoren artean, bilbatuaren defendatzaile sutsua; Jazz Malanda, Eremu Babestutik kanpo lan egiten duen dealer-a, memodosiak saltzen ditu, merkatu beltzean; Abdul Gerrikagoitia, lehendakaria, musulman praktikantea; eta Mustafa Bergara, AKA Berga, Ekonomia sailburua, musulman eszeptikoa eta itzaleko lehendakaria.

2112. urtean gertatzen da istorioa. Etorkizunera goaz, beraz.

Bai, baina ez gaitezen engaina: etorkizunari buruz idaztea beti izan da orainari buruz kezkatzeko modua... Etorkizunean aldatuko diren gauzei erreparatzen diegu normalean, ikusgarriagoak direlako, baina, egiaz, esanguratsuagoa da ikustea zer ez den aldatzen.

Bilbon, bueno, Baobilen kokatu duzu istorioa. Nolakoa da 2112ko Baobil?

Ez dut paisaia larregi deskribatu nahi izan, baina aldaketa batzuk egon dira... Guggenheim eraikina tren-geltoki bilakatu da eta bi eremu oso bereizi daude: hirigunea batetik, eta Eremu Babestua deritzonetik kanpoko hiriaren zatia bestetik, oihaneko legea nagusi den «Mad Max» eremua, nolabait esatearren. William S. Burroughsen «The Naked Lunch» nobela zoro eta lisergikoko giroaren fan amorratua naiz eta hortik tiratzen saiatu naiz.

Steampunk eta cyberpunk estetikako komikia hartu duzu inspiraziotzat. Teknologia eta zientzia «aurrerapenek» presentzia handia izango dute.

Istorio bat etorkizunean kokatzearen gauzarik interesgarriena distortsioa onartzea da, zenbait «aurrerapen» edo asmakizun ezinezkoren hipotesiarekin jokatzea... eta asmakizun horiek eragingo lituzketen ondorio zentzugabeekin. Iraganean idatzi diren zientzia fikziozko film eta liburuei begiratuta oso agerian geratu da gutxien espero den zentzuan garatzen dela teknologia eta gizartea une jakin batetik aurrera. Ez dago Nostradamus izaterik. Hori onartuta, jolas dezagun apur bat. Steampunk-etik gustatzen zaidana da estetikoki eta zientifikoki dena ez doala etengabe aurrera. Atzerapausoak ere badaude. Hor dago xarma.

Izozte Akta bai ala ez eztabaidan ari dira Euskal Herriko biztanleak. Hemendik ehun urtera, bizitza eternoa izango dugu kezka nagusi?

Bizitza eternoa ez dakit, baina aspaldion asko hitz egiten da bizi-itxaropenaren igoerari buruz. Horrek badu bere alde perbertsoa: lan egin dezagun urte gehiago bankuentzat, hipoteka handiagoak pagatu eta betikoek mozkin potoloagoak lor ditzaten.

Memodosiak dira modako droga. Zer eskaintzen dute? Eta sintesiek?

Sintesia droga legala da: lurrin destilatua, zaharkitu eta debekatua geratu den alkohol likidoaren ordezkoa. Memodosi bat ziztatzea berriz, inoren oroitzapenak norbere buruari txertatzea da. Memodosia legezkoa izan daiteke edo ez, oroitzapen horren edukiaren arabera. Bigarren eskuko memodosiak ere badira, adulterazio maila ezberdinetakoak... Ez gaude hain urrun horretatik: egun hauetako albistea zen arratoiei «oroitzapen faltsuak» txertatzea lortu dutela laborategietan... «Olvídate de mí» filma izan dut inspiraziogune tramaren zati horretan, Charlie Kaufman gidoilari handiarena.

Hasieran kronologia bat egiten duzu eta bertan Kataluniak eta Eskoziak independentzia lortuko dutela jakingo dugu, euskaldunak aldiz...

Oso ongi pasatu dut kronologia hori egiten, espekulazio ariketa polita da... Euskal Herri independentearen tentazioa izan nuen une batean, baina trama aldetik beste aukera batzuk ikusi nizkion erdibide bati, Euskal Protektoratua sortzeari.

Hego Euskal Herrian, nafarrak -Foru Erresuma- eta EAEkoak -Euskal Protektoratua-, hurbildu baino, aldentzera egingo dugu?

Nik ezetz esango nuke, hurbiltzera egingo dugula, baina batek daki... Idazle bezala, gatazkak ematen duen tentsioa komeni zitzaidan istorioa idazteko.

Hizkuntzan ahalegin berezia egin duzu, euskara eta ingelesa nahasten dituen «bilbatua» hitz egiten da Euskal Protektoratuan. Prolatinoagoak dira Foru Erresuman.

«Euskenglish» antzeko eredua sortzen saiatu naiz, hizkuntzaren biziraupenak hala bultzatutako eredu berria. Arantzazun euskara batuaren inguruan lortutako adostasuna etorkizunean errepikatzea da hipotesia. Etengabea da joko hori atal guztietan, egia esan: iragana errepikatu egiten da, aldagai gutxi batzuekin. Derrigorrezkoa zen niretzat etorkizuneko euskara irudikatzen saiatzea, neologismo eta guzti. Polizia ez da gehiago polizia izango, policefriendak baizik. Ideologia bat dago hitzen atzean, homeopatikoki irensten goazena. Ez dezagun ahaztu.

Zer suposatuko du lehendakari musulmana izateak?

«Homeland» telesailari egindako omenaldi ganberroa izan da hori, nolabait. Baina egin dezagun kontu 2112. urteko musulmanek zerikusi gutxi izango dutela egungoekin. Sinestunen praktika asko erlaxatzen da eta garai berrietara egokitzen. Hori gertatu da erlijio katolikoarekin ere.

Egunero kapitulu bat eskainiko diguzu. Zein trikimailu erabiliko duzu irakurlea hurrengoaren egarriz uzteko?

Umorez idazten saiatu naiz, eta istorioari ukitu fanzinero bat ematen... Pertsonaia gehienak nahikoa bizarroak dira, eta batzuetan lehen pertsonan idazten uzten diet, ikuspuntu aldaketekin jokatuz, freskotasunaren bila.

Nori zuzenduta idatzi duzu istorioa?

Koherente izateko, 2112. urteko irakurleengan pentsatuz idatzi dudala esan beharko nuke, ezta? Txantxak aparte utzita, konformatuko nintzateke uda giroan irribarreren bat edo beste eragitea behintzat, 2013ko irakurleen artean...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo