udate | ipar ekhian
Bizitza birtualetik errealera
Jon GARMENDIA | Idazlea
Bizitza da, ukitzen duguna, jaten dugun hori, muxukatzen gaituenaren ezpainak, eta irribarreak entzuteko desira. Goizean goiz esnatzea da bizitza, ondokoei eskerrak eman eta bazterrak behatzea, eta ttipitan sudurrari erantsi zitzaion usain hori oroitzea, ere bai. Eta bost omen dira zentzumenak, bizi garela adierazten dutenak. Baina hogeita batgarren mendean bizi garenok, badugu erreala den horrez gaindi, sare sozialetako bizitza birtuala. Han, pantailaz bestaldean dagoenarekin elkarbizi gara. Bi urte dira Twitter erabiltzera animatu nintzena, ez dakit zergatik, agian munduan gertatzen denari lotuago egoteko, bisitatu ezin ditudan lekuei tarte bat egiteko enegan, edo jende berria ezagutzeko, batek daki. Eta hasiberritan ezagutu nuen Amaia Silveira, @hirugurutxeta, Bilboko neska gazte bat. Pasio anitz ageri zituen, bi beste guztien gainetik, Real Sociedad futbol taldea eta Euskal Herria bere osotasunean, bere askatasunaren aldeko borrokan. Mezu atseginak idazten zituen, alaiak, eta borrokaren aldeko hitzak nahinoiz zeuzkan. Geroago jakin nuen minbizia zeukala, hala aitortu zidan, ez bainukeen nehoiz jakinen bestela, halako bizinahia agertzen zuen! eta minbiziaren aurkako borrokan murgildua zebilela erran zidan, muturreraino borrokatzeko prest zegoela, bizitzeko. Hunkigarria zen besteei animoak bidaltzen irakurtzea, hunkigarriago muxuak eta besarkadak nola banatzen zituen ikustea. Gutti beretzat, dena besteentzat. Oroitzen dut nola erran zidan izugarrizko garrantzia zeukala bere denbora eskaintzen zizun pertsonak, berreskuratuko ez zuen zerbait eskaintzen ari zitzaizulako. Horregatik eskaini diot gaur nire denbora zati hau. Atzo hil zen Bilbon, eta berekin Twitterren bizi ginenongan hutsunea utzi du, handiagoa etxekoen artean. Oroitzapenekin bete beharko den hutsunea. Eta biziko dugu gugan. Utzi digun maitasun piloa, bizitza ere badelako.