GARA > Idatzia > Kultura

udate

Itsuek surfean ikasteko taula berri bat iritsi zaigu Euskal Herrira Brasiletik

Mugak hausteko helburuarekin aurkeztu zuen atzo Cisco Araña surflariak bere sorkuntza berria: ikusmen urritasuna duten pertsonei olatuak hartzea errazten dien surf taula egokitua. Honekin dirurik ateratzeko intentziorik ez dauka; bere ezagutza mundu osoko surf eskolekin partekatu nahi du, pixkanaka gaitasun urritasunen bat dutenek ere kirol hau askatasun osoz egiteko aukera izan dezaten. Momentuz, Donostian utzi du taula egokitu bat.

p051_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Itsuek surfa egitea ahalbidetzen duen taula berezi bat aurkeztu zuen atzo Donostian Cisco Araña sortzaileak. Brasilgo surflari profesionala da, nazioarteko sari ugari irabazi dituena, baina garaipenak zentzurik ez duela uste duena lagunekin konpartitzerik ez badu. Edonor olatu gainera igotzera bultzatzeko xedearekin aspalditik ari da urritasunen bat duten pertsonekin lanean, euren mugak hautsi eta surfean ikas dezaten.

«Nire herrialdea pobrea da baina oso anitza. Gure eskolan baditugu lau urteko haurrak eta 80 urteko amonak, Down sindromea duten pertsonak, eta baita itsuak ere», aipatu zuen Arañak. Horiekin lanean aritu ostean taula bat eraldatzea otu zitzaion surfeatzea errazagoa egiteko eta orain bere ideia mundu osoan zehar zabaltzeko aukera du.

Duela urte batzuk Donostiak Surfaren Hirien Nazioarteko Sarea (WSCN - World Surf Cities Network, ingelesez) martxan jarri zuen mundu osoko beste hiri batzuekin harremanetan jarriz. Surfak euren hirietan zer-nolako eragin ekonomikoa duen neurtu zuten, eta turismo paketeak osatzea erabaki zuten. Izan zuten bileretako batean izan zuen «Donostia Surf City» klusterrak Cisco Arañaren proiektuaren berri.

Honek azaldutakoaren arabera, berak sortutako taula salgai jarri beharrean -1.000 euro inguru balioko luke- taula normal batetik abiatuta nola moldatu daitekeen azalpenak emango ditu eskola desberdinetan, behar izanez gero norberak egokitu dezan.

«Zenbait eskolekin jarri naiz harremanetan eta interesa dutenetan taula bat utziko dut behar duten pertsonek doan erabili ahal izateko, surfeatzea lagungarria delako, edonork izan beharko lukeen eskubide bat, eta askok probatzen ez dutena lotsa dutelako edo taula erosteko dirurik ez dutelako», aipatu zuen surflariak. Proiektu honekin duen xedea urritasunen bat duten pertsonentzako surf eskolen hazia landatzea da.

Aldaketa txikiekin

Donostian utzi duen taula Groseko Surf Eskolan dago hemendik aurrera erabilgarri. Hori erabili zuen eredu gisara taularen berezitasunak azaltzeko. Hasteko, kolore bizikoa izan beharko du, ikusmen urritasuna duten batzuek zertxobait ikusten dutelako. Oreka mantentzeko, gainera, mugitu daitekeen botoi bat dauka, norberaren altueraren arabera oreka puntua zein den zehazteko. Zutik jartzea errazagoa izateko, izkinetan eskuak jartzeko zerrenda batzuk dauzka eta taularen erdia markatzen duen beste bat. Era berean, argizaririk behar ez duen azalera du, ez labaingarria. Gainera, itsuek entzumena oso garatua dutenez, bibrazioak edo kolpeak nabaritzeko taulak zarata ateratzen du.

Horiek horrela, teknologia berezien beharrik gabe taula oso segurua egitea lortu du Arañak. Izan ere, taulak ez dauka ertz zorrotzik eta gomaz inguratuta dago min eman dezakeen dena, baita lemak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo