ARGIA | Malen Aldalur, 2013/7/29
Zenbakia ez bagara, ez gara
Estatistikek beti uzten dute jendea berauen errealitatetik at. (...) Orain dela egun batzuk ateratako albisteetan irakurri dugunez genero indarkeriaren estatistiketatik baztertuak izango dira ingresatuta gutxienez 24 ordu pasatzen ez dituzten emakumeak.
Ana Mato andereñoa zenbaki handiegietan galtzeko beldurrez, neurri lotsagarri, baztergarri eta atzerakoi baten jabe egin da. Bere aipuetako batean irakurri dudanez arrazoietako bat datu horiek lortzeko erraztasuna da. Zailtasun minimoak saihestu eta estatistika erraz eta superfizialetara salto egin nahi du, hau arraina edo haragia nahiago duen gizartearen zenbatekoa irudikatzeko izango balitz bezala. Kontua ez da estatistika baten datu batzuk edo besteak agertzea. Hau da, arazoa ez dago zifretan, estatistikaren izenburuan baino, edo estatistikaren deskripzioan agian. Enuntziatutik zuzenean baztertuak geratzen baitira genero indarkeriaren biktimetako batzuk eta aldi berean baita mundutik ere.
Gure gizartea zenbaki eta grafikoz irudikatua dago. Zenbaki kopuru bat dira emakumeak eta beste bat gizonezkoak. Zenbaki bat dira osasun arazoa dituztenak, eta zenbaki bat urteko lehenengo egunean jaiotzen diren haurrak. Zenbakiek islatzen dute errealitatea. Zenbakia izan ezean, ez gara. Beraz Espainiako osasun ministroari esker, genero indarkeria sufritu duten emakumeetako asko ez dira komunikabideetan agertuko eta ez dira biktima kontsideratuko. Seguru asko hurrengo urtetik aurrera irakurriko dugu genero indarkeriak nabarmen egin duela behera azken estatistiken arabera. Aipatzekoa da lehenago ere ez zirela biktima hauek kontuan hartzen, izan ere, indarkeriaren ondorioz hildakoak bakarrik kontabilizatzen ziren, baina lehen aipatu bezala enuntziatuan dago arazoa, INDARKERIAren barruan englobatu baditugu GUZTIAK izan behar ditugu kontuan, zenbaki errealak, infernuko zenbakiak izan arren.
(...) Genero indarkeria estatistiketatik ez, gizartetik desagerrarazi behar dugu. Ume, gazte edo heldu kontzientziatu, zenbakiak desagertu arren mina hor dago. Salatu, aldatu eta bikoteaz gozatu!