UDATE | IZOZTEKO ADINA, Harkaitz Kano
Kronologia (I)
2112. urtea. Baobil hirian gaude (lehen Bilbao). Distantziak ezabatuak izan dira ia eta hilezkortasuna ez da urrun: aurten egingo da, azkenik, Izozte Aktari buruzko erreferenduma. Eguneroko bizitza ez da inoiz erraza izan. 2112. urtea ez da salbuespena izango.
2012. Krisi ekonomiko sakona. Langabezia tasa altua Grezia, Portugal eta Espainian. Soldata murrizketak eta zergen igoerak. Paradisu fiskaletako diruaren arrastoa segitu ezinik, gorantz doa biztanleriaren sumindura. Wikileaks afera. Protestak herrialde arabiarretan. Mugimendu independentistaren goraldia Eskozian eta Katalunian.
2013. Edward Snowden, CIAko langile ohiak, AEBetako Obama administrazioak mundu mailako espioitza global eta indiskriminatua egiten duela salatu du. Berlingo gobernuak “herrialde lagunekiko” errespetu falta larritzat jo du kontua. «Ez gaude gerra hotzaren garaian», adierazi dute alemaniarrek, deseroso. Kroazia Europar Batasuneko kide bilakatu da. Abenduan, Lotsaren Gerra hasi da, mundu osoko pertsonaia publikoen trapu zikinak etengabe ateratzean datzan ur-jauzi mediatiko global atergabea.
2014-2017. Suminduen mugimenduek eta askatasun zibilen aldeko taldeek antolatzen darraite. Segurtasunaren aitzakia salatu eta askatasunaren aldarria egiten da Rio, Milan, Kairo eta Pekinen. Madril, Paris eta Berlingo kale-protestek eta parlamentuen inguruko setioek Transparentzia Politikoaren Legea eta Paradisu Fiskalen Kontrako Araudia izenpetzera derrigortzen dute Brusela. Austeritate eta deshazkunde urteak. Automonitorizazioaren kontrako erantzun ozena: populazioaren zati handi bat analogiko egiten da, Facebook, Google eta Twitter bezalako korporazioei boikota eginez. Historialariek Irekitze Aroa bezala bataiatua eta Slavoj Zizek pentsalariak Zirrikitu Edipiko Aroa.
2018. Ordenagailuek exaflop bateko abiada harrapatzen dute. Txina mundu mailako lider bilakatu da ingeniaritza aeroespazialean. 68ko Maiatzaren 50. urteurrena dela-eta ospakizunak eta erakusketak Parisen. Askatasun irrika berri bat ote datorren eztabaida. Afrikaren loraldi ekonomikoa eta Estatu Afrikarren Batasunerako lehen akordioa Lurmutur Hirian. New Yorkeko urtegiaren pozoitzeak milaka hildako utzi ditu Queens auzoan. «Bin Laden Is Alive» dioten pintadak agertzen dira mundu osoko finantza barrutietan.
2020. The New York Times-ek bere paperezko edizioa ixten du. Google-en betaurreko berriak merkaturatzen
dira, errealitate paraleloak zein iraganerako jauziak ikaragarri erraztuz: bi milioi gidoilari kontratatzen ditu horretarako Silicon Valleyko enpresak. Iragan-menpekotasuna eta etorkizunantsia bezalako gaixotasun berriak zabaltzen hasten dira, ordura arte ezezagunak. Osloko laborategi batean Alzheimerraren garapena gerarazi dezakeen lehen tratamendua aurkezten da.
2021. New Yorkeko atentatuaren ondorioz, automonitorizazioaren kontrako protestak lausotzen joan dira mundu osoan, self-control doktrina prebentiboa nagusitu arte. Patriot Act berrituaren berrezarpena. Konspirazioaren teoria: CIAk gobernuaren aginduz pozoitu ei zuela urtegia. Inoiz ez da argituko afera. Google eta Apple enpresen arteko fusioa ahalmentzen du merkataritza askerako zuzentarau berriak. Goopple izena izango du enpresak aurrerantzean.
2025. Estatu Afrikarren Batasunerako lehen hauteskundeak. Energia fotovoltaikoaren gordailua errazten duen grafeno deribatuko polimeroa aurkitzen da. Hamabost urtetan Afrika petrolioaren gatibutzatik aske gera daitekeela kalkulatzen da. Oroitzapen Gaiztoen Erauzpen Selektiboa martxan, modu ez sistematikoan, klinika pribatuetan.
2027. Eutanasiaren legalizazioa Europa osoan, baita gaixorik ez daudenen kasuan ere. AEBak kontra, Lou Ortega Lizaran presidente mormoia buru dutela.
2029. Hego Ardatzaren buruaskitasuna ezbaian. Afrika eta Hego Amerikaren arteko sintonia ona. Lehen dna-hacker gerrillen agerpena Nikaraguan. Europako banku nagusiek bat egiten dute AEBetako Erreserba Federalaren baimenarekin, Afrika eta Hego Amerikan dituzten interesak babesteko. Aliantza Subsahararra kexu, Bi Abiaduratako Afrikar Batasun bat sortzen ari delakoan.
2031. Txinak sexu bereko pertsonen arteko ezkontza baimendu du, higiezinen burbuilak leher egiten dion urte berean. Katalunia eta Eskozia independente bilakatu dira. Paola Minelli, lehen emakumezko Ama Santuaren adierazpenak: «Malko gehiago isurtzen dira betetako erreguengatik, bete gabekoengatik baino». Zur eta lur haren jarraitzaileak. La papessa Teresa bezala birbataiatua izango da.
2033. Ur fluoratu ergeltzailearen polemikak dimisioa emanarazten dio lehen ministroari Frantzian. EAEren autodeterminaziorako lehen erreferenduma. %43ko babesa baino ez du lortu. Bertan behera geratzen da subiranotasun prozesua. Bilbon azken zine aretoa ixten da. Iruñeko sanferminetako entzierroen debekua. Zezen mekanikoak eta lasterketa birtuala erabiliko dira aurrerantzean.
... biharko kapitulua: KRONOLOGIA (II)