GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroako ipar muturrean, mugarria jarri dute Bastidako gaztelua gogoan

p015_f01.jpg

GARA | BASTIDA

Nafarroa Bizirik taldearen bultzadarekin erresuma zaharreko gazteluen garrantzia nabarmentzeko beste mugarri bat jarri zuten atzo. Hain zuzen ere, erresuma burujabearen iparraldeko muga babesteko eraikin zen gaztelua gogoratu zuten Nafarroa Behereko Bastida herrian, bertako Udalaren babesa jaso zuen ekitaldian.

Arkuen plazan inauguratu zuten atzo armarri berria, aurreskua ere dantzatu zutelarik. Aurretik angelusa kantatu zuten trinketean. Besta giroa nagusi izateko, ekitaldi ofizialaren ondoren ohorezko arnoa eta herri bazkaria izan ziren Arkuen plazan bertan.

Iñaki Sagredo historialariak gogoratu zuenez, 1312an, Luis I.ak, Setatia bezala ezaguna izango zen Nafarroako erregeak, Clarenza herria eta bertako bastida sortu zituen, Nau Peciada izeneko gotorleku edo dorrea kokatutako lekuan. Gotorlekua 1283an eraiki zuten, Aran errekatik (Aturri ibaiaren adar txikietako bat) Baionara bitarteko bidea zaintzeko. Kontuan izan behar da itsasora irteera ematen zuen Baionako portua zaintzea guztiz estrategikoa zela.

«Frantziaren edo Ingalaterraren alde ziren noble feudalen gatazka bortitzak ziren, eta, hala, erregeak Nafarroako erresumaren iparraldeko muga zaintzeko bastida hau eraiki zuen. Garaiko ohiko bastiden planoak segituz eraiki zuten, erdiko plaza batekin. Garai hartako foruen babespean, herritarrek astean merkatu bat egiten ahal zuten, baita urtero hamabost eguneko bi azoka handi ere», azaldu zuen Sagredok.

Veronique Sallaberry Bastidako auzapezaren albokoak egindako gonbitean nabarmentzen denez, Udalak sostengua adierazi dio Nafarroa Bizirik taldeak bultzatutako ekimenari. Sallaberryk gogoratzen duenez, Nafarroa Bizirik taldea 2008an jaio zen Nafarroako Gobernuak 1512an gertatutako erresuma burujabearen konkista «festa» moduan ospatzeko asmoei erantzuteko.

Ildo horretan, Nafarroako erresumaren gazteluak eta toki historikoak gogoratzeko kanpaina bati ekin ziotela nabarmentzen du Sallaberryk. Kanpaina horretan kokatzen da atzo Bastidan egindako ekitaldia.

Mugarri hauek metalezkoak dira eta Nafarroako armarria dute. Dagoeneko erresuma zaharreko lurralde guztietan kokatu dituzte, galdutako lurraldetasunaren eta burujabetasunaren aldarri izan nahi dutelarik.

Bastidako mugarria kokatu ondoren, hilaren 15erako deitu du hitzordu berria Nafarroa Bizirik taldeak, egun horretan gogoratuko baitute baskoiek Karlomagnoren tropen aurrean Orreagan lortutako garaipena. Ibañetako lepoan egin ohi da ekitaldia urtero, bai behintzat eguraldia lagun bada.

Irailean mugarri berriak jarriko dituzte Nafarroa Bizirik taldeko kideek. Irailak 14an Atxorrotzeko gaztelukoa jarriko dute, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Antso VI.a, Jakituna Nafarroako erregeak agindu zuen gaztelua eraikitzea Gaztelaren erasoei aurre egiteko. Irailaren 22an, berriz, Amaiurko gazteluaren mugarria jarriko dute. Baztango gaztelu horretan, Nafarroako erresuma berreskuratzeko saiakera izan zen 1522an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo