GARA > Idatzia > Kultura

udate

Historiaren hariak kiloarekin eta ardatzarekin iruten

Historia liburu baten aurrean jartzea baino modu dibertigarriagoak daude iraganeko kontuak ikasteko. Bertatik bertara xarma duten lekuei bisita egitea da bat; beste bat, horiek berritzen laguntzea. Andoaingo Burdina Taldeak bigarren aukerari eutsi zion duela hamar urte, eta, euren azken lana, Aro Modernoko liho-putzu bat da.

p043_f02.jpg

 

Teknologia berriekin egiten dugu aurrera etengabe, etorkizunera begira, baina iraganarekiko lilura ez galtzea gizakiaren senean dago. Gure zurtoinak non dauden jakiteko beharra izan dugu betidanik, eta horretarako beharrezkoa da historian arakatzea. Batzuetan lan gogorra suposatzen du horrek. Ondotxo dakite Andoaingo Burdina Taldeko kideek, hamar urtetik hona etengabe aritu baitira euskal iragana berreskuratzeko lanean. Beraien eginkizuna denboraren indarrak erdi-estalitako eraikinei garai bateko dirdira itzultzea da. Euren azken lana Andoaingo Goiburu auzoan dagoen liho-putzua da.

Duela bi hilabete auzo horretako latsarri bat txukuntzen zebilen taldeko kideei bizilagun batek eman zien “Liña-putzu” izeneko lihoa garbitzeko gunearen berri, eta bertaratzea erabaki zuten. Patxi Aznar taldeko kidea eta historialaria da, eta berarentzat sorpresa handia izan zen honelako putzu bat aurkitzea. «Ez nuen uste lihoak hainbeste garrantzia zuenik Euskal Herrian –kontatu zigun–, Euskal Herriaren historia beti burdinolekin lotuta egon da, baina liburuak irakurtzen hastean konturatu nintzen zein garrantzia zuen, ez bakarrik hemen, baizik eta Europa osoan». Hain zen garrantzitsua ezen Euskal Herritik esportatu egiten zuten lihoa Iberiar penintsula osora, batez ere beatilak (lihoz egindako oihal finak). Lihoa landare batetik lortzen da, eta, horrenbestez, haziak behar zituzten. Euskal Herrian  bertan ere liho-haziak ekoizten ziren arren –batez ere Nafarroan eta mota askotakoak gainera–, emankorragoak zirelako Portugaletik ekartzen zituzten gehienetan. Euskal Herriak Portugalekin zuen harremanaren erakusgarri da hori, baina euskal merkataritzaren indarra zenbaterainokoa zen ulertzen ere laguntzen digu, haziak inportatu eta oihalak esportatzen zituztelako. «Bat-batean liburuak irakurtzean konturatzen zara uste baino garrantzia handiagoa zuela liho-ekoizpenak Euskal Herrian, baita emakumeen lanak ere», aipatu zuen historialariak. Caro Barojak idatzi zuenez, euskal emakumeek, liho oihalen sorkuntzari esker soldata bat irabazteaz gain, Euskal Herri eta Estatu espainol osoa arropa zuriz hornitzea lortu zuten.

Euskal mitologiari keinu bat eginez, Burdina Taldeak topatutako istorio baten berri eman digu. Iruleen figura askotan sorginekin lotu izan ohi da. Iruleak afaldu ondoren elkartzen ziren eta lanean aritzen ziren anaiak edo senargaiak bila joaten zitzaien arte. Larunbat gauetan, ordea, iruleak presaka aritzen ziren lanean, lortutako liho guztia iruten, eta, iluntzerako guztia ardatzean pilatzea lortzen ez bazuten, nahiago zuten soberakina erre. Zergatik? Bada, gauerdian sorginak bertaratu eta lihoa hartzen zutelako euren akelarreetan erretzeko. Gabon egunean goizez egindako haria ere “sorgin-hari” bezala ezagutzen da. 

Haria lortzeko prozesua

Burdina Taldeko kideek kontuak atera dituzte eta uste dute “liña-putzua” Aro Modernoan jada martxan zegoela eta XX. mendera arte erabili izan zutela. Lihoaren prozesu osoa emakumeen esku gelditu ohi zen. Beraiek ziren haziak ereiteko lurra prestatzen zutenak eta liho-landarearen garapena ere zaintzen zuten. Bilketaren ondoren, lihoa aletu egiten zuten hazi berriak gordetzeko, eta, horretarako, orrazi metaliko bat erabiltzen zuten –“azgarbaketa” deitzen zaio prozesu horri–. Ondoren, “liña-putzuan” sartzen zituzten liho landareak, bi eta hamar egun artean uretan edukiz. Atera eta lehortzean, kolpatu egiten zituzten azala askatzeko. Hori lortu ostean, liho-zuntza hotz-sorta batetik pasa eta iruteko prest uzten zuten. Haria lortzeko azken pausoa kiloaren bidez ardatzean kiribiltzea zen.
Liho hari horiekin (eta kalamu hariekin) oihalak sortzea posiblea zen arropa egiteko. Historiaren arabera duela 5.000 urtetik hona, hau da, neolitiko garaitik, erabili izan den materiala da lihoa. Horrek gizakia lihoa artilea baino lehenago erabiltzen hasi zela esan nahi du. Garai batean garestia zen oso lihoa eta aberatsek besterik ez zuten lihozko arropak janzteko aukera.

Azken irulea
Euskal Herriko liho ekoizpen tradizionalaren gainbehera ez zen bat-batekoa izan. Gipuzkoan eta Arabako iparraldean liho ereintzak XX. mende hasierara arte iraun zuen, pixkanaka gutxiagotuz joan ostean. Azken euskal irulea, Miel izenekoa, Oñatin hil zen 1938. urtean.
Honelako istorioak lurpetik aterata eta guztion esku jartzeko intentzioarekin lanean jarraituko du Burdina Taldeak, auzolanean. «Asteburu batzuetan elkartzen gara, eta 11.00ak arte aritzen gara lanean, ostean hamarretakoa egiteko. Zerbait egiteko gelditzen bazaigu, ondoren jarraitzen dugu. Adibidez, ‘liña-putzua’ berritzeko hiru goiz oso eman genituen», azaldu zigun Patxi Aznarrek, egiten duten lana neketsua baina atsegina den adierazle. Gutxienez zortzi pertsonako taldeetan elkartzen dira berriketa eta garbiketa lanak egiteko, betiere egin beharreko lanaren arabera. Haien lan desinteresatuari esker, karobiak, burdinolak, latsarriak eta meategiak ezagut ditzakegu egun.

 

Burdina urrezko txanponengandik trukatuko dute Urdazubin

Lehen aipatu dugun legez, lihoaren ekoizpenaren garrantzia agerikoa ez den bezala, Euskal Herriak betidanik burdinarekin izan duen harremana ezaguna da oso. Baina horrek ez dio interesa kentzen, eta, horregatik, Urdazubik seigarren urtez ospatuko du Burdinaren Eguna datorren larunbatean, hilaren 10ean. Gaiarekin lotutako askotariko ekintzak prestatuko dituzte iraganean gurean sektore garrantzitsua izandakoaren berri emateko -oraindik ere hala da-. Goiz osoan zehar, adibidez, forjaketa erakusketa egingo dute herriko azokan Brun anaiek. Haiekin batera beste hamarnaka artisau arituko dira lanean, eta, gainera, haurrentzako jolasak ere antolatuko dituzte.

Goizeko unerik deigarriena 11.30ean helduko da, orduan agertuko baitira idi-gurdiak burdina garraiatzen, antzina egiten zuten bezala. Garai batean, meatzeetatik Urdazubiko monasteriora eramaten zuten burdina, eta, olagizonek materiala aztertu ostean, abadeari ematen zioten urrezko moneta batzuen truke. Horren antzezpena egingo dute larunbatean, eta abadeak Plentziako benakeroei egingo die ordainketa, 12.00ak aldera, monasterioan bertan. Jarraian, Iruñeko ahots baxuko koroek emanaldia eskainiko dute, eta, 13.30ean, Michel Duvert antropologoak hitzaldia emango du, elizan. Ahots baxuko koroek bigarren emanaldia eskainiko dute geroago, 14.30ean, herriko frontoian ziriko jatea egiten duten bitartean. Arratsaldean, berriz, DJek musika jarriko dute bertan. Horrez gain, egun osoan zehar animazioak eta antzezlanak izango dira herriko kaleetan eta monasterioa, kobak edota errota bisitatzeko aukera ere izango da.

N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo