GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Berriro bizitzen ikasi behar denean

Jon GARMENDIA | Idazlea

Ez da bat, ez dira bi, eta ez dira hiru, hamabi dira urteak, eta gaur betetzen dituzu. Ez berriz sortu zinelako, anitz alditan erraten baita berriro jaiotzearena, baina gehienera, bizitzen berriro ikastea da, pertsona bera izanda, baina beste zerbaitekin, eta beste manera batean. Hori, orain dela guti ikasi duzu hala ere, orduan ez baitzen hala. Orduan planak zeneuzkan, proiektu anitz etorkizunerako, astea hitzorduz betea, eta hurrengo goizetik bertatik. Baina ohean etzanda sabaiari beha esnatu zinen ospitale batean, eta hura shock handia izan zen. Ezker-eskuin behatu, eta dena makinak, dena kableak, ez zenuen fitsik ulertzen. Maite zintuztenak zeneuzkan inguruan, eta haiek kontatu zizuten istripu larri bat ukan zenuela. Eta hor hasi ziren galderak, zergatik niri? Eta halakoak. Erantzunik gabekoak. Eta zure buruaren kontra egin zenuen, zulo beltzenak irentsi zintuen arte. Ohartu gabe baino, ohartuta pasa ziren bi urte, gertatu zaizun kontu txarra egunero oroitzen baduzu, denborarik pasa ez balitz bezala delako, beti zaude zuloan sartu zinen leku berean. Eta errenuntzia etorri zen hor, ezindua utzi zintuelako istripuak, gaixotasun sendaezin batekin, eta horrek ekarri zuen lehengo pertsona bera ez zinela izango onartzea, gogorra zen hura ere, aski zelako mendi buelta bat edo bizikleta paseotxo batean pentsatzea, eta ezingo duzula nehoiz egin barneratzea. Egin ezin den hura desiratzen da gehien, beti. Baina, azkenik, erreafirmazioa etorri zen. Bizitza ez delako arrosa koloreko, eta, gauzarik ederrenekin amesten badugu ere, gauzarik itsusienak berekin dituela ulertu zenuen, eta, hala heltzen badira, hala egin behar zaiela aurre, gogor. Hobeto daudenak anitz direla, eta haiek bezala egon nahi dugula, baina anitz direla okerrago daudenak, eta haiena nehork ez duela desira. Eta hor zaude orain, biharko egitekorik utzi gabe, daukazunarekin gozatzen, daukazunarekin bizitzen. Eta gehienetan, irribarre batekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo