GARA > Idatzia > Kultura

udate | haur literatura

Bizizalea

p046_f01.jpg

Leire ZUBELDIA

Irakurle bezala ohitura bat dut: irakurritako liburua hitz batean definitzea. Alegia, nobela, ipuin liburu, edo dena delako horren mamia biltzen duen hitza (izan daiteke substantiboa, izan daiteke adjektiboa...) topatzea. Batzuetan aisa aurkitzen da hitz hori, besteetan lausoago ikusten da. Egia esan, «Egia esan» nobelaren kasuan erraza izan da ariketa hori. Hasieratik neukan argi zein zein bila nenbilen hitza: «bizizalea». Bai, Peru Magdalena durangarrak izaeraz betetako liburua ekarri digu. Eroa, beroa, espontaneoa, naturala, berezkoa... Bizitzak dakarrenari abandonatua bizitzea aldarrikatzen duen nobela da «Egia esan». Eta gustatu zait, egia esan. Bizitza metodiko eta aurrez planeatutakotik ihes egiten duelako.

Bidaia bat da funtsean. Pertsonaiek egiten duten bidaia, irakurlea ere bidaia horretan barneratzera gonbidatuz, lekutik mugitu gabe bada ere. Praktikotasunetik begiratuta egokia da urteko sasoi honetarako, ikasturtean zehar pilatutako neke mentala arintzeko. Autolaguntza?

Harri eta Kimu dira protagonistak. Lehena bigarrenaren aita da. Baina ez da beste aita guztiak bezalakoa. Horretaz txikitan jabetzen da Kimu, aitak otsoa ikusteko aitzakian Asturiasko baso ilun batera gau beldurgarri bat pasatzera eramaten duenean. Aita arraroa ez ezik, senar arraroa dela iritzita banandu egiten dira Harri eta Mari, Kimuren ama. Orduan Kleo azaltzen da, Harriren neska-laguna. Egun batean, Harri bidaian abiatzen da, Mongoliara, agurrik esan gabe. Orduz geroztik Kimuk ez du bere aitaren berri gehiago izango. Soilik aitak bidaia hartan idatzitako koadernoa eskuratuko du Kleorengandik. Eta hor hasiko da nobelaren zatirik oparoena, Kimuren bidaia kontatzen duena.

Bidaia hau, ordea, ez da aitaren urratsei jarraituz egindakoa. Aitaren bila abiatzen da bai, baina aita topatu baino, aita hobeto ulertu nahian abiatzen da. Egia aurkitu nahi du, egia bizi. Eta hona liburu honen beste aldarrikapen bat: ez dago egia absoluturik, norberak bere egia bizi du.

Gauzak honela, bidaia paralelo honetan Kimuk bere koadernoan idazten duena da irakurleari ematen zaiona. Pasarteak, poemak, bidean aurkitutako pertsonaien lekukotzak, bertsoak eta bizitzari buruzko hamaika hausnarketa dira liburuaren amaierara arteko zatiaren osagaiak. Idazkera fresko eta bizia darabil, pertsonaien izaerarekin bat datorrena.

Peru Magdalenaren obratik irakurtzen dudan lehenengo alea da honakoa. Aurrez argitaratuak dituenak irakurtzeko ditudan liburuen zerrendan gehitu ditut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo