GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Etxarri Aranatzeko jaiak

Indarrez ekin diete zazpi jai egunei Etxarri Aranatzen

Etxarri Aranazko herria jaietan da. Atzo, 13.00etan, piztu zen jaiei hasiera eman zien suziria, eta, berarekin batera, kaleak haur, erraldoi, buruhandi eta musikaz jantzi ziren. Musikak berak izan zuen protagonismoa lehen uneetan, txistulari beteranoei omenaldia egin baitzitzaien.

p051_f02.jpg

Aitor AGIRREZABAL | ETXARRI ARANATZ

Sakanako herriak astebete luzatzen ditu jaiak, baina, halere, hasiera-hasieratik indarrak xahutzen hasi ziren etxarriarrak festarako grina erakutsiz. Musikak, dantzak eta giro onak ez zuen hutsik egin jaien lehenbiziko egunean.

Dena dela, jaiei hasiera ofiziala eman aurretik, azkeneko hilabeteetan herriko kuadrillak aurrez aurre jarri dituen Gazte Asanbladak prestatutako futbito txapelketaren finala ospatu zen. Zurkillo eta Errapiek taldeek lortu zuten azken partidara iristea, eta lehenbizikoek lortu zuten txapela etxera eramatea. Bestalde, ohi den moduan, azken urtean jaiotako haurrei laukidun zapia jarri zitzaien.

Indarrak berritzeko asmoz herri bazkaria ezinbestekoa suertatu zen herritarrentzat. Arratsalde eta gau luze bat zituzten aurretik oraindik. Gauean, inguruko herrietako eta Euskal Herriko puntu ezberdinetatik jende ugari iritsi zen, Tximeleta talde nafarraren erritmoetan parranda egiteko asmoz.

Astea luzea da, baina ez da aspertzeko betarik izanen. Egunez egun, egitarau oparoa antolatu dute etxarriarrek. Txikiek, egunero izango dute buruhandien aurrean korrika egiteko aukera eta eurentzako prestatutako jolasak ere izango dituzte, bereziki asteartean. Izan ere, Haurren Eguna ospatuko dute etzi Etxarrin, eta jolas parke bat, playback txapelketa edo herrian zehar ibiliko den tren bat ere izango dute, nekatzeko nahi bezainbeste aukera, beraz.

Halere, herriko gazteek gehien estimatzen duten eguna igarota egonen da ordurako, biharkoa Kuadrillen Eguna izanen baita Etxarrin. Goizean bertso saioak izanen dira, bazkaltzera joan aurretik. Ondotik, karpan kuadrillek elkarrekin bazkalduko dute, arratsaldeko zazpietan gaztetxetik kuadrillen igoerari ekiteko. Egun luzea izaten da, lagun artean giro bikainean pasatzekoa.

Hurrengo egunean, nahiz eta Haurren Eguna izan, gazteek hartuko dute txanda berriz ere gaua heltzean. Rap Gaua ospatuko da, eta, bertan, ZTK Rap, RPV eta Emauseko Raperoak talde barañaindarra igoko dira agertoki gainera. Musikak tarte berezia izanen du aurten ere festetan, eta, hurrengo egunean, herriko mugimenduek prestatutako egitarauaren barnean, Hesian eta Azken Oihu taldeek jarriko dute erritmoa gaztetxean. Era berean, ostegunean, Alerta Gorria taldeak emango dio azken gauari hasiera karpan, Vendettaren ska erritmoekin jai ofizialei amaiera emateko.

Nahiz eta ofizialak ez izan, jaiei oraindik egun bat geratuko zaie. Izan ere, jada ohitura bihurtutako Inutilaren Eguna ospatuko dute ostiralean. Goiz-goizetik burrunba izanen da herrian zehar, bazkaldu eta gero, inutilaren desfileari ekiteko. Herritarrek gogotsu hartu ohi dute desfilea, eta une benetan bereziekin esaten diete agur jaiei.

Atzo arratsaldean, Herrira mugimenduak deitutako manifestaldi batek euskal preso politikoen etxeratzea eskatu zuen Etxarriko kaleetan barna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo