GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IZOZTEKO ADINA, Harkaitz Cano

Kronologia (II)

2112. urtea. Baobil hirian gaude (lehen Bilbao). Distantziak ezabatuak izan dira ia eta hilezkortasuna ez da urrun: aurten egingo da, azkenik, Izozte Aktari buruzko erreferenduma.Eguneroko bizitza ez da inoiz erraza izan. 2112. urtea ez da salbuespena izango.


2044. Gizarte segurantzaren kutxa bakarraren haustura orokorra Europan. Erretiroa ordaintzeko arazoak eta protesta samalda. Iparraldeko Ardatzak bat egiten du beharrizan ekonomikoak hala eraginda. Banku agintaritzaren iradokizunez, moneta batasuna eta dibisa berriak: euroak eta dolarrak desagertu eta doleuroak erabiliko dira aurrerantzean.

2047. Europa eta AEBen arteko harremana fusio edo absortzio klabeetan aztertu behar ote den eztabaidatzen dute analistek. Ameuropaz hitz egiten has gaitezke, nahiz eta erakundea ez den 2049ra arte finkatuko.

2050. Munduko biztanleen artetik 8.000 milioi beltzaranak dira. Ehun eta berrogeita hamar urte barru jaioko da azken ilehoria Finlandian.

2051. Minbiziaren autodiagnosia eta DNAprint giza-organoen klonaziorako sistemak patenteetatik aske geratzen dira mundu osoan, Afrikaren bigarren loraldiari lagunduz. 50 urte bete dira irailaren 11ko erasoak gertatu zirenetik. Segurtasunaren psikosia ikaragarria izan arren, ez da atentaturik gertatu Ameuropako lurretan. Sei astronauta txinatar hil dira Marteko zorua zapaltzen lehenak izan ondoren, itzulerako bidean.

2052-2057. Bosturteko Euforikoa. Komunikazio Telepatikorako lehen graduondoko ikastaroa antolatzen du EHUk, Donostian. Munduko Osasun Erakundeak autoanalisi eta autoebakuntzaren arriskuez ohartarazten du. Milioika mediku eta kirurgialari langabezian. Bata Zuridunen Protesta. Laborategi handiek euren boterea areagotu dute. Venezia, urpean. Barbara Berlusconik, Italiako lehen ministroak, Milango aldirietan eskala bereko Veneziako hiriaren erreplika bat egingo duela agintzen du.

2060. Nazioarteko Tatuatzaileen Sindikatuak lortu du bere urte luzeetako aldarrikapen nagusia: larruazalaren pean txipak txertatzeko titulazioarekin homologatzen da haiena.

2063. Etorkizunean erabateko iraultza suposatuko duen Izozte Aukeraren bideragarritasunaz hitz egiten hasten dira ikertzaileak lehen aldiz. Vatikanoa erabat kontra azaldu da. Txinako klinika pribatuetan dagoeneko praktikan jarri ote den zurrumurruak zabaltzen dira. Pirinioetan parke tematiko berria: Pirinioetako Lehen Zortzimilakoa (3D-Fully-Fun).

2065. Nekazaritza ekoizpenaren esternalizazio espaziala: lehen negutegiak jartzen dira ilargiaren eta lurraren orbitan.

2067. Amaiur Prat idazle eusko-kataluniarrak Nobel saria irabazten du euskal letretan pizkunde berri bat eraginez. Alderdi abertzaleen arteko ika-mikak hizkuntz eredua tarteko. Euskara batua baztertu eta bilbatua hizkuntza ofizial izendatzen da hegoaldean. Autodeterminaziorako irrikaren berpiztearen ondorioz, Euskal Protektoratua onartzen da, balio praktiko baino sinbolikoagoa duena mundu globalizatuan.

2073. Lehen kolonia martetarrak. Marsplotation genero berria sortzen da, heriotzara kondenatua zirudien 3D-ko zinema ukigarria urte pare batez berpiztuz. Orobista eta oronet tekniketan aurrerapauso handiak.

2074. Lanorduak erruz urritzen dira eskualde guztietan. Bizitza kalitatea gora. Bizi itxaropena 130 urteetara luzatzen da herrialde garatuetan. DNA sekuentzian inteligentzia artifizialeko silizio eta grafeno aldagaiak txertatzea eguneroko ogi bilakatu da. Errealitate paraleloen garaipena.

2082. Lehen esperimentuak Denboraren Orea malgutze bidean. MITen Superbowl-eko final bat bost minututan konprimitzea lortzen da.

2091. Silizio kutsatuak DNAn eragindako mutazioaren aferak milaka hildako uzten ditu Magreb aldean. Laborategien erantzukizuna frogatua geratzen da Hagako auzitegian. Milaka milioi doleuro ordaindu ondoren, aurrera egiten dute euren esperimentuekin.

2092. Olinpiar Jokoak Bilbon. Espainiako selekzioarekin jokatzen zuten euskal atletek ezker ukabila altxatzen dute aldarri bezala domina jasotzerakoan: Joxemai Beltzak bezala pasako dira historiara. Azken droga legala debekatu da: aurrerantzean ezin izango da alkoholik edan, likido egoeran.

2095. Arratoien berpizte kriogenetikoaren bideragarritasuna auzitan. Laborategiak argi berdearen zain gizakiekin esperimentatzen hasteko. Bitartean, era guztietako abereak erabiltzen dira, teknika honen arriskurik eza frogatu nahian: untxiak, behiak, zezenak...

2101. Gorputzaren endekatzea errotik gerarazten duten teknikek erabateko arrakasta lortu dute: Izozte Prozesua deitzen zaio adin jakin batean planto egin eta gehiago ez zahartzea ahalmentzen duen teknikari. Izozte Aktaren inguruko eztabaida sutsua mundu osoan. NBEk ez du hasieran Izozte Akta babesten. Gero, bai.

2112. Denboraren kontrola erdietsi du gizakiak. Nahieran zabaldu edo konprimitu dezake. «Denbora urrea da» esamoldeak «denbora orea da» leloari utzi dio leku. Hirietako Babes Eremuetatik kanpo ere bada bizitzarik. Eta heriotzarik. Krimena kontroletik at: bortxaketak, esklabotza, prostituzio derrigortua, ablazioak. Baztertuak ere erruz, estatistiketatik at geratu direnak.

Ameuropako hainbat herrialdetan, aurten ospatuko da Izozte Aktaren berrespenerako Erreferenduma, jende asko, zain egon gabe, Asian eta Afrikan jada bere burua izozten hasi den arren...

... biharko kapitulua: BIGARREN TIROKATZAILEAREN TEORIA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo