Euskal eragileekin armak uzteko aukera aztertzeko prest dago ETA Lokarriren arabera
Madrilek erakusten duen blokeo jarrera gainditzeko, armak utzi eta suntsitzearen auzia euskal eragileekin aztertzeko prest dago ETA, Lokarriko koordinatzaile Paul Riosek Efe agentziari esandakoaren arabera.
GARA | BILBO
ETA armak utzi eta suntsitzeari buruz Euskal Herrian prozesuaren aldeko konpromisoa erakutsi duten eragile sozial eta politikoekin hitz egiteko prest dagoelako adierazi zuen atzo Lokarriko koordinatzaile Paul Riosek, Efe agentziari eskainitako elkarrizketa batean. Riosen arabera, gainera, prozesuak egun pairatzen duen blokeo egoera gainditzeko, «euskal jendartearen zati garrantzitsu bat prest da armak utzi eta suntsitzeko prozesua diseinatzeko ETArekin harremanak izateko».
Horiek horrela, uda amaitzen denean, normalizazio politikorako prozesuan «aurrerapen esanguratsuak» izan daitezkeela aurreratu zuen Lokarriko koordinatzaileak. Gobernu espainolarekin zuzenean hitz egiteko aukera «baliogabetuta» dagoela egiaztatu ondoren, armak utzi eta suntsitzearen gaian ETAk izan duen jarrera aldaketaren garrantzia nabarmendu zuen Riosek. «Lehen, ETAk eskaintzen zuen eredua [Madrilgo] Gobernuarekin zuzenean hitz egitea zen, armak uzteaz, erakundearen disoluzioaz eta presoez mintzatzeko. Azken komunikatuan, ordea, gai horiek guztiak euskal jendartearekin eztabaidatu daitezkeela onartu du», azaldu zuen Lokarriko koordinatzaileak.
Hitz gogorrak izan zituen Riosek orain artean Mariano Rajoyren Gobernuak izan duen jarrera aztertzerako orduan. Espetxe politikan «modu zikoitzean» aritu dela esan zuen, baita Gasteizko Parlamentuak alor honetan urratsak emateko egindako eskaeren aurrean erabat entzungor jokatu duela salatu ere. «Rajoyk ezin dio ezezko borobila eman Euskaditik aldarrikatzen den guztiari. Bake prozesu honetan aurrera egiten lagundu behar du. Bere betebeharra da, baina, oraingoz, ez dio erantzun euskal jendartearekiko duen betebeharrari», esan zuen Riosek.
Egoera ez aurrera ez atzera egonagatik, ETAk borroka armatua uzteko harturiko erabakiak ez duela atzerabiderik nabarmendu zuen Lokarriko koordinatzaileak. «Norbaitek indarkeriara bueltatzea planteatuko balu, euskal jendartearen, ezker abertzalearen, prozesuan inplikatutako nazioarteko komunitatearen eta alderdi politikoen gehiengo zabalaren arbuioarekin egingo luke topo», azaldu zuen.
Lokarrik eta Bake Bideak antolatutako Gizarte Foroak ETAko presoei eragindako kaltea onartzeko egindako gomendioaren gainean galdetu ziotenean, Riosek «sorturiko kaltea onartu gabe ezinezkoa da pertsona presoak jendartera itzultzeko prozesu bat martxan jartzea» erantzun zuen. «Auzi honetan, ETAk zehatza eta zintzoa izateko esfortzua egin behar duelakoan nago», gaineratu zuen Lokarriko koordinatzaileak.