Udate | Berangoko jaiak
Herria dantzan eta kantuan ikusi nahi duen Berangoko taldea
Berango ez litzateke berdina izango Simon Otxantegi dantza taldearen ekarpenik gabe. Izan ere, dantzatik haragoko arloak ere jorratzen ditu herrian egiten den ospakizun orotan gogotsu parte hartzen duen taldeak: euskal musika, kantua, zanpantzarrak... Ezberdintasunak alboratuta, herritarrak dantzan eta kantuan gozatzen ikustearekin amets egiten dute.
Nerea GOTI | BERANGO
Berangoko jaien azken txanpan Simon Otxandategi dantza taldearekin hitz egin dugu. Herri gehienetan bezalaxe, jaietan sustrai sendoak bota ditu aurki 75 urte beteko dituen dantza taldeak. Iñaki Gonzalez presidentea entseguen erdian harrapatu dugu eta herriko jaiak taldearentzat zer diren galdetu diogu. «Herriko jendeak sentitu behar duen zerbait dira jaiak», erantzun dio GARAri, baita zera gehitu ere: «Norberak dituen iritziak, aldarrikapenak baztertu ez, baina apur bat aparkatu egin behar dira jaietan ezberdin pentsatzen duen horrengana hurbiltzeko. Herriko jaiak dira eta jendeak abestu, dantza egin eta amets egin behar du».
Dantzariak eta musikariak ditu taldeak, baita zanpantzar taldea ere. Kantuan ere aritzen dira, eta, horrez gain, dantza ikastaroak ere antolatzen dituzte. Ehun kidetik gora ditu uneotan Simon Otxandategi taldeak. Gonzalezek nabarmentzen duenez, lagun askoren laguntza biltzen du taldeak. Lan ugari dago egiteko lagundu nahi duenarentzat, nahiz eta dantzan edota musikan trebetasunik izan ez. Gonzalez arabera, gainera, hori da taldearen indarguneetako bat: «Elkarrekin lan egitea, jendea integratuta sentitzea eta gehiago edota gutxiago egin arren guztiok beharrezkoak garela jakitea funtsezkoa da. Estruktura indartsu bat osatzen dugu, eta bertan ez daude dantzariak bakarrik».
Zailtasunak arlo ekonomikoan dituzte. Gonzalezen esanetan, saio eskaerek izugarrizko jaitsiera izan dute krisiaren eraginez, eta, udal laguntzek ere bera egin dute; «lagundu laguntzen dute, baina ahal duten neurrian». Argi utzi du, dena den, euskara edota euskal kulturaren aldeko ekitaldietan musu truk aritzen jarraitzen dutela.
Ametsa egia bilakatu
Taldearen hasierak ikertu ostean, Simon Otxandategi dantza taldearen jaiotza ofiziala 1943. urtean ezarri zuten, aurretik ere herrian dantza agerraldi batzuk izan zirela jakin badakiten arren. Bost urteren buruan 75. urtemuga beteko dute eta data horri begira amets bat ere badute. «Urteotan taldetik pasatutako guztiak dantzan ikusi nahiko genituzke une horretan», adierazi du.
Eguna heldu arte, hori bai, plazak dantzariz beteta ikusi nahiko lituzke Gonzalezek. «Jota bat dantzatzeko pausu bat jakitearekin nahikoa da», nabarmendu du. Izan ere, izugarri maite ditu plazetako erromeriak.