GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Floaterra: Airekoak egiteko abiadura eskaintzen duen ariketa mitikoa

Atzoko egun batez, abuztuak 4 batean, hil zen Mark Sainsbury «Floaterraren aita». Ariketa hau hasiera batean helburu zen lehiakideentzat, gero indarra galdu eta lotura ariketa izatera pasa zen, baina egun, oraindik ere, aukera ona izaten jarraitzen du olatu on bat egokituz gero.

p034_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Surfean ariketak egiteko olatua irakurri behar da, hori da sekretua. Eta gero, irakurketa egoki baten ostean, zein ariketa eta olatuaren zein aldetan egin nahi dugun erabaki behar dugu. Badira, ordea, ariketa eta ariketa artean egin behar diren lotura ariketak ere. Alegia, ariketak behar bezala egin ahal izateko bidean egin beharreko ariketak.

Bi dira lotura ariketa nagusiak. Lehena «cut-back» bezala ezagutzen da. Alegia, olatuak indarra galtzen duenean apar gunera itzuli eta berriz ere olatuaren ihesbidera itzultzea. Bestea, ihesbidean jaso daitekeen sekzioa gainditzeko, gainaldean lehertzear den gandorraren gainetik joateko ariketa da; «floater» deitzen zaio. Ziur aski, lesio gehien eragin dituen ariketa da.

70eko hamarkadan, oraindik ere olatuaren ihesbidea azkarregi bilakatzen zenean, edota olatuan sekzio azkarregi bat jasotzen zenean, surflariak bere taula hondartzarantz begira jarri eta olatua amaitutzat ematen zuen. Olatua borobila eta handia zen kasuetan, sekzioa barrutik pasa zitekeen, tubo bat eginaz. Baina zer egin tubo batekin sekzioa pasatzea ezinezkoa zen kasuetan?

Olatuaren beheko aldetik sekzioa pasa ezin zenez, eta tubo bat egiteko aukera ere gutxitan ematen zenez, hautabide bakarra zegoen; alegia, sekzioa olatuaren gainaldetik pasatzea. Baina noiz eta nola hasi ziren surflariak floaterra egiten?

1982an Davey Smith, Santa Barbarako (Kalifornia, AEB) surflaria lehen saiakerak egiten hasi zen. Honela azaldu zuen elkarrizketa batean: «Surf egiten nuen inguruan olatu txikiko hondartza asko daude, eta, ni, olatuaren alde guztietan surf egiten saiatzen nintzen: goian, behean, erdian... Beraz, sekzioa goitik pasatzen saiatzea urrats logikoa izan zen».

Baina, antza, ordurako australiarrak floaterrak egiten hasiak zirela entzuna zuen nonbait. Honela zioen Smithek elkarrizketa berean: «Garai hartan entzundako zenbait kontakizun oroitzen ditut. Jendearen esanetan Cheyne Horan ere antzeko zerbait egiten ari zen Australian, baina nire inguruan floaterrak egiten bakarra nintzen. Berrikuntza bat izan zen, dudarik gabe».

Beraz, lehen floaterrak estatubatuarrek edo australiarrek egin zituzten jakitea ezinezkoa da. Hori bai, floaterra ariketa gisa indartu zutenak australiarrak izan zirela esan daiteke. Izan ere, 1985. urtean, Narrabeenen (Australia) egiten ari ziren txapelketa batean floaterrari esker irabazi zuen lehen saria Avoca Beacheko gazte batek. Orduko hartan, faboritoa zen eta aurrerago bi bider munduko txapeldun izango zen Damien Hardman lehiakidea garaitu zuen.

Urte bat geroago, berriz ere munduko txapelketako proba bat irabazi zuen Ingalaterran, sekzioak gainaldetik pasatzen gainontzeko lehiakideak iristen ez ziren lekura iristen baitzen. Surflari hura, Mark Sainsbury zen eta egun «Floaterraren aita» dela esaten da. 1992ko abuztuaren 4an hil zen surf egiten ari zela. 25 urte baino ez zituen haitz artean hilda aurkitu zutenean.

80ko hamarkadaren amaieran munduko surflari onenen ariketa kutuna zen floaterra. Richie Collins zen ariketa hau gehien maite zuen lehiakideetako bat. «Lehen aldiz norbait floater bat egiten ikusi nuenean 13 edo 14 urte nituen -gogoratzen du Collinsek-. Trestlesen ari nintzen surf egiten, Cheyne Horan nigana zetorren zuzen-zuzenean, baina bat-batean aparraren gainaldera igo eta sekzioa iragan zuen. Zer da hori? Nola egin du? Pentsatu nuen, eta segidan ni ere hura egiten saiatu nintzen».

Ricchie Collins floaterrak egiten maisu bilakatu zen. Collinsen orduko argazkiak oso bitxiak ziren, izan ere, surflari argal bat agertzen zen olatuaren gandorra iragaten, eskularruekin eta punk itxurako ileekin. Biarritzeko munduko surf txapelketan «Floaterraren erregea» zela esaten zuten eta bere titulua egiakoa zela erakusteko sekulako floaterrak egiten zituen bi eta hiru metroko olatuetan. Oso ikusgarria izaten zen, baina, horrelakoetan gertatu ohi den moduan, denak ez zeuden gustura: zenbaitek tuboa egin zitekeen lekuan floaterra egitea ez zuten begi onez ikusten. Richie Collinsek, ordea, oso argi zeukan: «Zintzoak izan eta esan egia, zer da zailagoa? Pipelinen sekzio bat tuboa egiten pasatzea edo floater bat egitea? 10 puntu lortu nahi baditut, ariketa zailena egin beharko dut, ezta?».

Floaterra ohiko bilakatzen hasi zenean, surflariak gero eta olatu handiagoetan hasi ziren floaterrak egiten, eta, ordutik, ziur aski lesio gehien eragin dituen ariketa izan da. Asko izan dira floater bat egiten belauna edo orkatila hautsi duten surflari profesionalak.

Floaterrak azkartasuna ekarri zuen. Lehen surflaria iristen ez zen lekuetara iristea ahalbidetu zuen, eta, gainera, abiadurarik galdu gabe. Egun egiten diren ariketa zailenak abiadurari esker egiten dira, beraz, 90eko hamarkadaren hasieran egiten hasi ziren ariketa berrien iturburua floaterra izan zela esan daiteke.

Airekoen historian garrantzi handiena izan zuen surflarietako bat Martin Potter izan zen, eta horiek egiteko behar zuen abiadura floaterrak egiten hasi zenean lortu zuen. Aldi berean, ordea, lortzen zuen abiadurari esker lehen airekoak egiten hasi zen, eta, horrek, pixkanaka floaterrak ariketa gisa 90eko hamarkadan zehar indarra galtzea ekarri zuen. Ariketa nagusi izatetik, bigarren mailako ariketa edo lotura ariketa izatera pasa zen.

Halere, oraindik, floater on batek ikusleen arreta jasotzen jarraitzen du, ariketa arriskutsua dela baitakite. Askotan, gainera, sekzioa pasatzeko ezinbesteko ariketa izateaz gain, ariketa nagusi ere izan daiteke. Richie Collinsek garbi esan zuen: «Olatu eder batean, floaterra, beti izango da aukera on bat».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo